Getariako Udalak 196 eguzki panel jarriko ditu datorren urtean, udal eraikinen energia autokontsumoa handitzeko

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 26a, 08:09

Panelak Iturzaeta ikastetxearen teilatuan ezarriko ditu, eta 84.000 euroko inbertsioa eskatuko du. Trukean, hamabi udal eraikinek behar duten energiaren %25 lortuko da bide horretatik. Herritarrekin lanketa ere egingo dute udalak eta Goienerrek energia komunitateak sortzeko, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua ezartzea ere aztertuko du.

Getariako Udala klima aldaketaren aurkako plana idazten ari da eta, horrekin lotuta, egungo energia ereduan aldaketak ezartzea ere ari da aztertzen.

Prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, azterketa hori Nafarkoop kooperatibarekin egin du, eta 2022an hiru ekintza abiatzea erabaki du: eguzki panelak jartzea eraikin publikoen gastu energetikoaren zati bat estaltzeko; energia komunitateak sortzeko lanketa egitea; eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat ezartzeko aukera aztertzea.

Beraz, batetik, 84.000 euro inbertituko ditu 196 eguzki paneletan. Horiek Iturzaeta ikastetxearen teilatuan jarriko ditu, eta aldaketa horri esker "hamabi udal eraikinek kontsumitzen duten energiaren %25 autokontsumotik lortuko da". Inbertsio hori zortzi urtetan amortizatuko dela aurreikusi du udalak. Ekarriko dituen beste onura zehatz batzuen  berri ere eman du: "Urtero 8.592 euro aurreztuko ditugu elektrizitate gastuetan, eta 655 tona CO2 isurtzea ekidingo da hurrengo 40 urteetan". 

Bestetik, energia komunitateak sortzeko lehen urratsak emango ditu Goiener kooperatibarekin elkarlanean. Komunitate horien bitartez, herritarrek aukera izango dute energia ekoizpenaren inguruan informazioa jaso eta zenbait erabaki hartzeko. Antzeko bidea ari dira egiten, esaterako, Zumaian eta Azpeitian.

Azkenik, herrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua ezartzea aztertuko du udalak datorren urtean, horretarako Europako Batasunak ematen dituen diru laguntzez baliatuta.

Ezarritako helburuak bete nahian

"Ekintza hauekin, Getaria gerturatu egingo da 2030erako Europako Batasunak jarritako helburuetara; hau da, udal hornikuntza elektrikoaren %30 autokontsumotik lortu beharra. 2040rako, %40 da lortu beharreko zenbatekoa", azaldu du udalak.

"Etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzen duen eredu energetiko berri eta jasangarri bat lortu nahi da herrian, eta horretarako trantsizio energetikoan urratsak eman nahi dira", gaineratu du. Europako Batasunak 2030erako ezarritako neurriez gain, gogorarazi du EAEko Jasangarritasun Energetikorako Legeak ere beste konpromiso batzuk ezartzen dizkiela udalei.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide