Igandean Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, ostiral arratsalderako jarduera berezia antolatu dute Getariako herri liburutegian. Itsasoko ekosistemak lantzeko balio duten mahai jolasen saioa egingo dute, eta itsasoa hizpide ez duten beste jolas batzuk ere jarriko dituzte aukeran. 6 urtetik gorako umeei zuzendutako saioa izango dela jakinarazi dute, eta hortik beherakoek heldu batekin egon beharko dutela. 17:30ean hasiko dira eta komenigarria da aurrez izena ematea.
Mahai jolasez gain, "itsasoa lantzeko balio duen material bibliografiko ezberdina ere erakusgai eta erdigunean" jarriko dut, eta ordenagailua egun batez, behintzat, "aisialdirako ez erabilgarri" ipintzea pentsatu dute, "mahai jolasak erdigunean kokatzeko eta pantailekiko menpekotasuna pixka batean arintzeko".
1997an Liburutegien Nazioarteko Egun izendatu zuten urriaren 24a, eta harrezkero, liburtegiei egiten duten lana aitortzeko egun gisa hartu izan da. Getariako liburutegiak ohar bidez esan duenez, "liburutegi mota guztiak omentzeko eta horiek guztiek munduko txoko ezberdinetatik ezagutza eta kultura jendarte guztiaren eskura ipintzeko gauzatzen duten jardunari merezitako aitortza egitea" da egun horren helburua. "Liburutegien Nazioarteko Eguna Getariako herri liburutegiaren eguna ere bada, noski. Hemen ere bagara eta, ahal dugun heinean, izan nahi dugu, ezagutza eta mundu ikuskera anitzak jendarte guztiaren eskura ipini nahi dituen topaleku libre, anitz eta ireki bat".
Aurtengo leloa Liburutegiak: irakurtzea, ikastea, deskubritzea da, eta Getariako Udal Liburutegiaren interesgune eta ardatzetako bat itsasoa izanik, horrekin zerikusia duen ekintza antolatzea erabaki dutela esan dute.