Mendi irteera eta mendiko film emanaldia antolatu dituzte iganderako

Aitziber Arzallus 2021eko urriaren 21a

Mendi irteeran parte hartzeko Turismo Bulegoan eman behar da izena, eta han daude eskuragai film emanaldirako gonbidapenak ere.

Asteburuan mendiaz hainbat eratara gozatzeko aukera izango dute getariarrek. Iganderako mendi irteera antolatu dute Getariako Mendi Taldeak eta udalak elkarlanean. 09:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta herriko hainbat auzotatik barrena egingo dute itzulia. Gazte nahiz heldu, edonork egiteko moduko mendi buelta izango dela adierazi dute antolatzaileek, aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, ordea. Urriaren 22a baino lehen egin beharko dute hori Turismo Bulegora joanda edo 943-14 09 57 telefeno zenbakira deituta —goizez—.

Arratsalderako ere mendiarekin zerikusia duen plana antolatu dute, baina beste modu batekoa. 18:30ean hasita, Mendi Film jaialdiko film onenak emango dituzte Iturzaeta aretoan. Lau film proiektatuko dituzte: Charge 2 , El Gran Hito , Shared Vision eta Mendian Hil, Hirian Hil.
Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da sartzeko. Turismo Bulegoan eskura daitezke horiek, edo bestela emanaldia hasi aurretik, leihatilan bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide