Aurtengo irailaren 19a ez zaie berehalakoan ahaztuko getariarrei: KAE 1 liga irabazi zuten etxeko arraunlariek, eta horrekin batera, baita datorren denboraldian Eusko Label ligan lehiatzeko txartela ere. Denboraldiari bukaera borobila eman zioten horrela, eta arraunlariek zein gainontzeko herritarrek gogotik ospatu zuten igoera.
Harrezkero, herritar bat baino gehiago bertaratu da klubera bazkide egiteko gogoz, eta nola ez, besoak zabalik hartu dituzte guztiak. "Arraunak beti izan du indarra Getarian, baina horrelako momentuek aparteko bultzada ematen diote; herritarrek sekula baino bereago sentitzen dute kluba", esan du Xabier Goikoetxea presidenteak. Eta hori baliatzea pentsatu dute. "Olatu onean gaudela aprobetxatuz, herritarrei klubeko bazkide izateko aukera zabaldu nahi diegu, denen babesa eta laguntza beharko ditugulako".
Egun, 185 bazkide ditu Getariako Arraun Elkarteak, "horietako asko bizi guztikoak, alegia arraun elkartearen sorreratik bazkide direnak". Bazkide berriak sartu diren aldiak izan dituztela esan du presidenteak. "Batez ere kirol emaitza onak izaten ditugun boladetan gertatzen da hori; adibidez, gogoan dut 2007-2009 urteetan herritar dezentek egin zutela bazkide egiteko urratsa".
Orain ere bolada on horietako batean daudenez, bazkide berriak erakartzeko une aproposa izan daitekeela pentsatu dute, eta kanpaina abiatu dute. Hain zuzen ere, sare sozialen bidez jakinarazi dute bazkide berriak hartzeko zabalik daudela. "Ez daukagu bazkide kopuru jakin batera ailegatzeko helbururik, baina interesa duena etor dadila lasai, denak ongietorriak izango baitira".
Izan ere, denen babesa eta laguntza beharko dutela dio Goikoetxeak, maila gorenean lehiatzeak gastu handiagoak eragingo baitizkio klubari. "Gure arraunlariek ez dute kobratzen, eta alde horretatik ez daukagu beti finantziazio bila ibili beharrak sortzen duen presiorik, baina guk ere gastuak baditugu, eta aurten iaz baino handiagoak izango ditugu, gainera". Adibidez, bidaietan diru gehiago gastatuko dutela aurreikusten du. "Galiziara egin beharko ditugu bi edo hiru bidaia, eta estropadak bi egunetan lehiatzen direnez, asteburu guztia pasatu beharko dugu han. Gurea bezalako klub txiki batentzat, nahikoa gastu bada hori". Dena dela, negarrik ez, erronkaz betetako denboraldia baitute aurretik.
Getariako Arraun Elkarteko bazkide egin nahi dutenek, Kale Nagusiko Harritarte dendan dute horretarako aukera, urtean 24 euro ordainduta. Getariara bertaratu ezin dutenek, berriz, aurki izango dute bazkide egiteko modua. Laster jakinaraziko dute sare sozialen bidez.