Mariñak talde feministak hainbat hedabidetan irakurri du Getariako emakume bat "jazarria, bahitua, kolpatua eta bortxatua" izan zela iazko udan, eta gertaera horiek salatzeko oharra plazaratu du. Azaldu dutenez, epaiketa martxan da eta fiskaltzak eta akusazioak "zigor eskaera handiak" egin dituzte.
"Edonori gerta dakiokeela esan genuen bi egun lehenago plazan egindako elkarretaratzean. Indarkeria matxistaren errealitate gordina ezagutu arren, eraso baten berri izaten dugun bakoitzean, haserreak hartzen gaitu, onartezina delako oraindik ere horrelakoak gertatzea. Oraingoan herrian bertan", adierazi dute testuan.
Aipatzen duten egunkariak kontakizuna "morbotik" egiten duela azaldu dute, eta "xehetasunetan" jartzen duela "fokoa". "Uste dugu ez duela laguntzen arazoari aurre egiten eta emakumea berriz biktimizatzen duela".
Horrez gain, hainbat hedabideren arabera erasoa jasan duen emakumeari zuzendu zaio talde feminista: "Ez dakigu nor zaren eta ezin lagundu, baina gure elkartasun guztia adierazi nahi dizugu. Erakundeei eskatzen diegu zor zaizun laguntza emateko, dena gutxi izango delako".
Azkenik, "nazkatuta eta haserre" daudela azpimarratu dute, eta "botere harremanak deuseztatzeko lanean" segiko dutela irmo esan dute. "Eraso hau ez da gertakari isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik. Gure bizitzak direlako jokoan daudenak, autodefentsa feministaren aldeko deia egiten dugu".