Kaxildo Alkorta euskaltzain urgazlea hil da

Aitziber Arzallus 2021eko urriaren 11

Getariarra zen jaiotzez, nahiz eta 50 urte baino gehiago zeramatzan Portugaleten (Bizkaia) bizitzen. Besteak beste, ikastolen sorreran bere alea jarri zuen Alkortak, eta 2013az geroztik, euskaltzain urgazlea zen. Bihar emango diote azken agurra, Getarian.

Kaxildo Alkorta larunbatean hil zen, 78 urte zituela. Getariarra zen jaiotzez, nahiz eta 50 urtetik gora zeramatzan Portugaleten (Bizkaia) bizitzen. Euskarari lotuta eman du bizitza guztia.

Filosofia ikasketak egin zituen Madrilen, eta soldadutzatik bueltan, Portugaleten gelditu zen bizitzen. 1969an, ikastolan hasi zen lanean, eskolak ematen.
Ondoren, hogeita bost urtez IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean itzultzaile lanean aritu zen, eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko zuzendaritzako kide izan zen 1988tik 1993ra bitartean. Itzulpen alorreko Euskadi Literatura Sarien epaimahaikide izan zen 1989 urtean.

Erretiroa hartuta, Mendebalde Kultura Alkartean jarraitu zuen lanean eta prentsan idazteko joera ere bazuen. 2012ko Bilboko Liburu Azokan bere elkartearen izenean Urrezko Luma saria jaso zuen. 2001etik Euskaltzaindiaren Euskalkien lantaldean lan egiten zuen eta 2013an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bihar emango diote azken agurra, Getarian, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide