Deskonektatu elektriketatik pankarten atzean, hainbat lagunek elkarretaratzeak egin zituzten atzo, ostiralarekin, Getarian eta Azpeitian, enpresa elektriko handien "gehiegikeria" salatzeko. Getariako eta Azpeitiko EH Bilduk egindako deialdiari erantzunez, herritarrak lapikoak eskuetan joan ziren 22:00etan bi herrietako udaletxe atarietara. Gainera, Azpeitiko kasuan, plazako kioskoko, Azoka Plazako nahiz udaletxeko argiak itzali zituzten, eta hainbat tabernak ere bat egin zuten itzalaldiarekin –Alde Zaharreko tabernarien elkarteak bat egin zuen deialdiarekin–.
Bi herri horietan kontzentrazio zaratatsuak zeuden deituta, baina gainerako eskualdeko herrietan etxeetatik lapikoak astintzeko deia egina zen EH Bildu, baita itzalaldiarekin bat egiteko deia egina ere. Herritar ugarik egin zuten bat itzalaldiarekin, eta Zarautzen esaterako, hainbat lagun aritu ziren lapikoak jotzen Musika Plazan. Ikusi hemen Zarauzko nahiz Getariako lapiko-jotzeak:
Llotja de Marreko ituna sinatu zuten alderdi politikoek (Esquerra Republicana, EH Bildu, Junts, Mes per Mallorca, BNG, CUP eta Mes Menorca) "oligopolio elektrikoaren gehiegikeria" salatzeko itzalaldia eta mobilizazioak deitu zituzten atzorako. Hitzordu horien testuinguruan, Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten astearteko udalbatzarrean. EAJren udal taldeak, berriz, beste mozio bat aurkeztu zuen mozio hari erantzunez.