Munduko hamaseigarren jatetxerik onena izendatu dute Elkano jatetxea

Aritz Mutiozabal 2021eko urriaren 6a

Argitaratu zen azken zerrendatik hona hamalau postu aurreratu ditu Aitor Arregik gidatzen duen negozioak. Guztira, lau jatetxe baino ez dituzte txertatu munduko 50 jatetxe onenen zerrendan, eta Getariakoa da horietako bat.

Bi urteko etenaren ondoren, munduko 50 jatetxe onenen zerrenda aurkeztu zuten atzo Anberesen (Belgika). Sukaldaritzaren goi mailan Danimarkako bi jatetxe izendatu dituzte aurten: Noma eta Geranium, hurrenez hurren; biak ala biak Kopenhagekoak. Edonola ere, zerrendan izan dira makina bat ezuste, batzuk atseginak eta besteak ez horrenbestekoak. Gustukoen artean, Getariako Elkano jatetxea hamaseigarren postuan kokatu dute aparteko sailkapen horretan.

Herrian jatorri luzea duen jatetxea ez da lehen aldia aurreko 50 horien artean sartzen dena. Azken aurreko zerrendan 30. postuan kokatu zuten Aitor Arregik gidatzen duen negozioa, baina oraingo honetan, adituek hala erabakita, hamalau postu egin ditu aurrerantz.

Elkanorekin batera, beste hiru euskal jatetxe zerrendaratu dituzte Top 50 horretan: Bittor Arginzonizn Etxebarri erretegiak hirugarren postuari eutsi dio, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz hamalaugarren tokian sailkatu da, eta Eneko Atxaren Azurmendi 49. postuan kokatu da. Aitzitik, Arzak 94. postuan geratu da eta Martin Berasategi zerrendatik kanpo geratu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide