Ikerketa bat jarri du martxan Getariako Udalak, hain justu, herrian bizi diren adineko pertsonen egoera aztertzeko. 70 urtetik gorako bizilagunengana jo du horretarako. Asmoa da, udalaren esanetan, haien bizi baldintzak ezagutzea, Gizarte Zerbitzuen alorrean udalak dituen dirulaguntzetara bideratu ahal izateko.
Ikerketaren metodologiari dagokionez, udalak azaldu du aurrez aurreko elkarrizketak egingo dizkietela 70 urtetik gorako getariarrei. Maddalen Iraola Gizarte Zerbitzuetako langilea arduratuko da horretaz, eta urritik abendura bitartean egingo ditu elkarrizketak.
Saioak,etxean
70 urtetik gorako bizilagunek eskutitz bat jaso dute etxean. Modu horretan eman zaie ikerketaren berri, eta parte hartzera deitu ditu udalak. Elkarrizketak egiteko prest agertu direnekin harremanetan jarriko da orain Iraola, telefonoz deituta. Hitzordu bat jarriko du partaide bakoitzarekin, eta horren ostean ekingo die saioei. Elkarrizketatuen etxebizitzetara joango da Iraola, eta udalak azpimarratu duenez, "behar bezala akreditatuta" egongo da une oro.
Aurrez aurreko saio horietan parte hartu nahi ez duten pertsonek ere izango dute, dena den, ikerketarako prestatutako galderak erantzuteko aukera. Inkesta batzuk sortu dituzte horretarako, eta interesatuek Gizarte Zerbitzuen egoitzan (Gudarien Enparantza, 1) bete ahal izango dituzte.