Balentziaga museoak azken hamarkadan izan duen eragin sozioekonomikoa aztertu du

Mireia Galarza Bastida eta Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 25a

Getariako museoak azken hamar urteetan gizartean izan duen eragina aztertu du EY enpresak, hainbat arlori erreparatuta. Atzo goizean egin zuten emaitzak aurkezteko prentsaurrekoa, museoan bertan.

Hamar urte bete dira aurten Balentziaga museoak ateak zabaldu zituenetik. Urteurrenaren harira programazio zabala izan da udaldian, baina museoak hausnarketarako ere baliatu du abagunea. Urtarrilaz geroztik, Balentziagak izan duen gizarte, ekonomia, kultura eta ingurumen eragina aztertzen jardun da EY enpresa, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak museoan bertan izan zen prentsaurrekoan. Besteak beste, azpimarratu dute museoaren bisitari kopuruak pandemia aurreko zifrak gainditu dituela, eta 2019arekin alderatuta, %12 igo dela. Aurkezpenean izan dira Miren Vives museoko zuzendaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Alberto Peña eta Isabel Beitia, azterketa egin duen EY enpresaren ordezkariak.

Peñak eta Beitiak plazaratu berri duten txostenaren inguruko hainbat argibide  eman dituzte. Ateratako ondorioen artean azpimarratu dute, esaterako, Balentziaga museoan inbertitzen den euro publiko bakoitzeko 1,12 euro itzultzen direla. Horrez gain, zuzenekoak eta zeharkakoak batuta, "312 lanpostu berri" sortu direla ere azaldu dute, baita sortzen den lanpostu zuzen bakoitzeko zeharkako bost sortzen direla ere. Ahotan eduki dute Balentziagak duen "ingurumenarekiko konpromisoa" ere. Zehaztu dute museoak erabiltzen duen energia "%100 iturri berriztagarrietatik ateratakoa" dela,  eta 2015etik "karbono isuriak %80 murriztu" dituztela.

Kultura sailburuak garrantzitsutzat jo du museoak egin duen "gardentasun ariketa". Azaldu du "360 graduko ikuspegia" eskaintzen duela, eta balioan jarri du museoak ondarea "sortzen, zaintzen, katalogatzen edota errestauratzen" egiten duen lana. Eusko Jaurlaritzarentzat Balentziagaren ekarpen ekonomikoa "garrantzitsua" dela esan du, baina bereziki azpimarratu du museoaren garrantzia "ondarearen ikuspegitik". "Euskadiren kultura irudia Europan proiektatzen laguntzen digute Balentziaga bezalako instituzioek", adierazi du sailburuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide