Getariarrek harrera beroa egin zioten atzo etxeko traineruari Portugaleteko estropadatik bueltan, Eusko Label ligara igotzeko play offean lehen postuan sailkatu ondoren. Proba amaitu bezain pronto hasi ziren ospatzen balentria, eta arratsaldeko 19:00ak aldera lehertu zen festa herriko kaleetan. Moilatik Alde Zaharrerako bidea hartu, eta udaletxerainoko bidea egin zuten arraunlariek, arraunzaleek eta herritarrek lagunduta. Ekitaldian agurra dantzatu zieten, eta arraunlariek esker hitzak izan zituzten getariarrentzat zein Getariako Arraun Elkarteko kideentzat.