Igoeraren festan murgildu da Getaria

Aritz Mutiozabal 2021eko irailaren 19a

Getariarrek harrera beroa egin diote etxeko traineruari, Portugaleteko estropadatik bueltan, Eusko Label ligara igotzeko 'play off'-a lehen postuan sailkatuta gainditu ondoren. Proba amaitu bezain pronto hasi dira ospatzen balentria, eta arratsaldeko 19:00 aldera lehertu da festa herriko kaleetan.

Denboraldi ezin hobeari ginga jarri diote getariarrek. KAE 1 ligako txapeldunak izan dira, eta datorren urtean Eusko Label ligan lehiatzeko txartela merezimendu osoz lortu dute asteburu bikaina osatu ondoren. Beraz, aurreko hilabeteetako garaipenak ederki ospatzen baldin bazituzten ere, gaurkoa urte osoko biribiltzeko jaia izan da Getariara iritsi direnean. Bengalak, kalejirak, brinkoak, kantuak, eta herritarrak, lagunak eta familiakoak gustura gainera, besarkadak, bostekoak, algarak, hunkitzeko uneak. Lana gogotik egin izanaren fruitua.

Udaletxera iristerako, herri osoa zain. Estropadaz estropada bidaide izan dituzten herritarrak, gaur bertan Portugaleten izan direnak edo telebista parean oihuka aritu direnak: Esperantza, Esperantza! Arraunlariek hori bazekiten, eta gaurko erlojupekoa bukatu eta ametsa egi bihurtu dela jakin dutenean elastiko berezi bat jantzi dute soinean: aurrekaldean, maiatzean hil Andoni beti gurekin! leloarekin, Andoni Galarraga kidea gogoan, eta atzeakaldean, Eskerrik asko Getaria. Beraz, udaletxera igo direnean, hori guztia helarazi nahi izan dute, eta eraikineko balkoian Andoni hiregatik pankarta jarri dute.

Ekitaldian agurra dantzatu diete, kantuak eta giro ona ez da falta izan. Horrez gain, Getaria Arraun Elkarteko presidente ohi Manuel Inazio Gorostiagari aipamen berezia egin diote, eta egungo arraunlariek sinatutako elastikoa jaso du opari.

Argazkiak: Maria Maya Manterola

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide