Esperantza da Getariako traineruaren izena. Itxaropena, esperantza, bazuen aurten zerbait handia egiteko, eta proposamen horiek guztiak baieztatu ditu: KAE 1 liga irabazi du, Espainiako txapelketa ere bai, eta denboraldia amaitzeko Eusko Label ligan aritzeko txartela lortu du Ion Larrañagak entrenatutako traineruak.
Atzo lan erdiak egin zituen Getariak, play offeko lehen jardunaldian, Bermeon jokatutako estropadan, lehen postuan sailkatu ondoren. Bost puntu lortu zituen Getariak, lau Samertolomeuk, hiru Kaikuk, bi, Tiranek eta bakarra Bueuk. Azken bi ontzi horiek igoerarako borrokatik kanpo geratu ziren, eta lehen hiruen artean izango zen bi txartelak eskuratzeko lehia. Kaikuk bazuen, teorian, abantaila bat: Ibaizabalen jokatuko zen bigarren estropada, Portugalete parean, eta Jose Luis Kortak gidatzen duen taldeak ezin hobeto ezagutzen du estropada eremua. Hala ere, edozer gauza gerta zitekeen.
Bezperan Bermeon lortutako postuen arabera atera dira Portugaleteko estropadan: bi galiziarrak lehenbizi, Kaiku hirugarren, Samertolomeu laugarren eta Getaria bosgarren. Eta aurreikuspenak bete dira. Larunbatean bezala, erlojuaren aurka jokatu da estropada hau, eta lehen luzerako denbora onena egin du Bizkaitarra traineruak. Borroka handia izan da Getaria eta Samertolomeuren artean bigarren denbora onena egiteko: biek denbora berean eman dute buelta (5:11), Kaikurekiko lau segundora. Bueu eta Tiran ordurako atzean geratu dira. Ziaboga hobea eman du Getariak Samertolomeuk baino, eta pare bat segundoko aldea atera dio buiatik atera eta berehala. Alde hori mantentzeko gai izan da Esperantza hurrengo hiru luzeetan. Bi segundo, hiru segundo, lau une batzuetan, gehiago ez, baina nahikoa estropadako bigarren postua ziurtatu, beste lau puntu gehitu, eta play offa irabazteko. Kaiku da Getariarekin batera mailaz igo den trainerua. Aurretik ere saiatu da Getaria lehen mailara igotzen; aurten lortu dute, esperantza egia bihurtuz.
Denborak
1. Kaiku: 19:46,08
2. Getaria: 19:48,30
3. Samertolomeu: 19:51,82
4. Tiran: 20:00,18
5. Bueu: 20:10,52
Play offeko puntuak
1. Getaria: 9 puntu.
2. Kaiku: 8 puntu.
3. Samertolomeu: 7 puntu.
4. Tiran: 4 puntu.
5. Bueu: 2 puntu.
🤎🤎🤎 pic.twitter.com/5BE8YEijUv
— Eusko Label Liga (@actraineras) September 19, 2021