Asteburu erabakiorra du jokoan Getariako traineruak: Eusko Label ligara igotzeko play off estropadak, alegia. Ilusioz eta gogoz, eta, bereziki, sari potoloa lortzeko itxaropenarekin lehiatzeko asmoa erakutsi dute arraunlariek astean zehar, eta halaxe erakutsi dute gaur Bermeon jokatu den lehen jardunaldian. Bost ontzi aritu dira lehian, eta getariarrek erakutsi dute koska bat gorago daudela. Nagusi izan dira, eta horrek erreferentziak hartzeko ez ezik, konfiantza hartzeko inportantea da.
Erlopupeko estropada izan da, eta azkena izan da irteten. Itsaso nahasia, haize boladak eta olatu harrotuak topatu dituzte ontziek, baldintza batere ez gozoak arraunerako. Lehen luzean antzeko denboratan ibili dira aurkari guztiak, nahiz eta Getariak dagoeneko hiruzpalau segundoko aldea ateratzen zien gainerakoei. Bigarren ziabogarako aldeak nabarmen handitu ditu, Kaikurekin 7 segundo eta samertolameurekin 11 segundo, baina azken luzean, haize ufada latz batek kalte egin die eta hor errenta asko galdu dute. Edonola ere, lehen postuan sailkatu dira, eta launa segundo atera diete Samertolameuri eta Kaikuri, hurrenez hurren.
Bi ontzik lortuko dute Eusko Label ligarako tokia, eta lehenengo hiru sailkatuen artean alde handiak ez badaude ere, Getariak pauso garrantzitsua eman du bide horretan.
ESTROPADAREN SAILKAPENA
| KLUBA | DENBORA | ALDE | PUNTUAK | |||
|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | GETARIA | 21:25,56 | 5 | |||
| 2 | SAMERTOLAMEU OVERSEA | 21:29,62 | 00:04.06 | 4 | ||
| 3 | KAIKU BEREZ GALANTA | 21:29,98 | 00:04.42 | 3 | ||
| 4 | SD TIRÁN PEREIRA | 21:44,14 | 00:18.58 | 2 | ||
| 5 | BUEU | 21:49,04 | 00:23.48 | 1 |
🎙Jon Ander De La Hoz (@GetariakoAE) #EuskoLabelLiga pic.twitter.com/dYGZlNpnzg
— Eusko Label Liga (@actraineras_eus) September 18, 2021