Getariako Udaleko Kultura Sailak 2021/2022 ikasturterako antolatutako ikastaroen berri eman du. Euskara ikasteko aukera izango da aurtengoan ere: hasierako mailan trebatu ahal izango dira ikasleak, batetik; eta A1, A2, B1, B2, C1, C2 tituluak prestatzeko ikastaroak ere izango dira, bestetik. Izena emateko edota informazioa jasotzeko, Alondegira gerturatzeko eskatu dute, irailaren 21ean, asteartea, 10:00etatik 13:00etara edo irailaren 23an, osteguna, 17:00etatik 20:00etara.
Pintura tailerra ere martxan izango da laster. Irailaren 22a, datorren asteazkena, izango da izena emateko azken eguna, eta egun berean, 18:30ean, ikastaroaren inguruko argibideak jasotzeko bilkura egingo dute Alondegian. Manuel Fernandes margolariak gidatuko du ikastaroa, urritik maiatzera bitartean.
Bestalde, Katukale irakurle taldeak jakinarazi ditu abendura bitarte egingo dituzten saioak. Aurten ere Uxue Alberdik dinamizatuko du taldea, eta hilero liburu bat izango dute mintzagai:
- Irailak 30: 'Solasaldia Sizilian'. Elio Vittorini.
- Urriak 28: 'Taxiak ez dira inoiz gelditzen'. Xabier Montoia.
- Azaroak 25: 'Zeruko belardiak'. John Steinbeck.
- Abenduak 16: 'Epizentroa'. Nerea Loiola.
Azaroa aldera osatuko du taldeak ekainera arteko programazioa. Izena emateko, udaletxera jo daiteke.