Iritsi da asteburu erabakiorra Getariarentzat. Izan ere, TKE ligara igotzeko play off-a jokatuko duzue datozen egunotan.
Nola zaudete hitzorduaren atarikoan?
Jon Ander De la Hoz: Gogotsu gaude, eta asteburua iristeko amorratzen. Badira aste batzuk ez dugula estropadarik jokatu, eta horrelakoetan kirolariak nahi duena da lehiatu. Egunak gerturatu ahala, kirioak ere dantzan jarri zaizkigu, eta ea lehenbailehen iristen den, irrikaz beteta baikaude.
KAE 1 ligako txapeldun izanda, faboritoak zaretela sentitzen al duzue?
Eñaut Silbeti: Ez dut uste halakorik sentitzen dugunik taldean, nahiz eta ligako txapeldunak izan. Beste talde batzuk guk baino presio gehiago dute, diru kontuak direla medio. Gu herri txikia gara, eta ez dugu obligazio hori. Nahia bai eta ilusioa ere bai, baina ez daukagu derrigortasunik edota horretara bultzatzen gaituen presiorik.
Presiorik ez, ilusioa bai. Getariak merezi du goiko mailan aritzea hainbeste urte borrokan aritu ostean, ezta?
J.A.D.H.: Kontuan eduki Getariako traineruak lau aldiz irabazi duela KAE 1 liga, baina sekula ez duela lortu kanporaketa hauek gainditzea. Noski, uste dut merezi duela eta tokatzen dela koska hori igotzea. Ez da erraza izango, guk baino gehiago jokatzen duten kontrario asko baitaude. Bost izango gara, eta hiruk guk baino gehiago dute jokoan, ez kirol arlotik bakarrik, baizik eta beste arlo batzuetatik ere bai. Ez dakit gure grinak ahalbidetuko digun igoera lortzea, baina lagungarri izango zaigu estropada bezpera hauetan lasaixeago aritzeko eta estropada egunetan solteagoa lehiatzeko. Uste dut hori izango dela gakoa asteburu honetan.
Tiranek Eusko Label ligan duen tokia defendatu nahiko du. Gero, Galiziako bi taldeak daude: Samertolameu eta Bueu. Eta, azkenik, Kaiku, liga amaieran gerra dezente eman dizuen ontzia. Nortzuk dira aurkari zuzenak?
E.S.: Denak dira aurkari zuzenak! Erreferentzia zuzen bakarra Kaikurekin daukagu, liga elkarrekin jokatu dugulako. Tiranekin estropada bakarra jokatu dugu, Kontxako sailkatze probakoa. Ezin da jakin bakoitzaren momentua zein den play off-ari begira. Orduan, erreferentzia bakarra Kaiku da, eta azken estropadetan maila harrigarria eman du. Entrenatzaile aldaketak direla tarteko, asko hazi ziren gure kalterako. Baina asteburu honetan guztiok hutsetik hasiko gara, eta guztiok nahiko dugu lehen bi postuetan sailkatu. Beraz, gerrarako prest gaude!
J.A.D.H.: Besteengan baino, geure buruarengan jarri behar dugu arreta. Geure lana ondo egin izan dugun egunetan erakutsi dugu lehiarako taldea garela. Orduan, gure asmoa hori izango da. Besteei begira jardute horrek ez digu ezer onik ekarriko, kontrolatu ezin dugun faktore bat delako. Datorrenari heldu beharko diogu, eta hori izango da gure indargunea, alegia, gure buruan zentratzea. Egia da Kaikuk sekulako gorakada eman duela azken asteetan, eta aurkari zuzena izango dela. Tiran ere goiko mailatik dator, eta beste exijentzi maila batean lehiatu dute uda osoan. Aitzitik, Bueu eta Samertolameu ez ditugu askorik ezagutzen: Bueu gorriz janzten dela aste honetan jakin dut, eta Samertolameurekin Espainiako txapelketan aritu ginen, bi egunetako lehian.
Asteburuko play-off-a ere bi egunetara jokatuko da. Bestalde, Kontxako sailkatze estropadan Tiranen eta Kaikuren aurretik geratu zineten. Aintzat hartzeko emaitza al da?
E.S.: Garbi dago tripulazio guztiak irteera lerroan jartzen direnean, aurreko astean gertatutakoa gertatuta ere, denak ehuneko ehuna ematera doazela. Eta ehuneko ehun horretan, Donostiako kasuan, gu gailendu ginen. Baina orain arteko denak ez du ezertarako balio. Asteburuan berriro hasiko da lehia.
J.A.D.H.: Traineru batzuk karga handia jasotzetik zetozen estropada horretara. Erreferentziak dira, baina ez behar besterainokoak. Ez dakit zer puntutaraino ematen digun benetako ondorioa ateratzeko aukera. Horregatik, egunak gerturatu ahala, gero eta garbiago dugu geure lana izango dela ahalbidetuko duena mailaz igotzea, edo kontrara, ez igotzea.
Lehiarik gabeko bi aste hauek hobeto prestatzeko aukera eman dizuete ala bizitasuna galtzeko arriskua egon da?
E.S.: Idealena liga bukatu eta play off-a hurrengo asteburuan jokatzea zen. Baina ontzi guztiok geldialdi bera izan dugu, eta, zentzu horretan, baldintza berdinetan iritsiko gara hitzordura. Egokiena, zalantzarik gabe, lehenago jokatzea izango zen, baina denbora tarte honetan entrenamendu saio onak egin ditugu, ongi gaude, tentsioari eutsi diogu eta fin gabiltza.
J.A.D.H.: Arlo psikologikoak garrantzi handia duela uste dut. Irailaren 2tik ez dugu estropadarik jokatu eta larunbatean izango dugu hurrengoa. Hamasei egun dira lehiatu gabe, eta horren balio handiko helburu bat aurrean izanda, buruak lan handia egiten du. Luze egiten da, nahiz eta ondo eraman dugun taldean. Arlo psikologikotik nekosoago egiten da gihar aldetik baino.
Igoera da orain lehentasuna, baina ez da ahaztu behar txapela kentzeko moduko denboraldia osatu duzuela.
J.A.D.H.: Bai. Gainera, espero baino hobeto ibili gara. Behin honanino iritsita sari potoloa nahi dugu, eta lortu nahi dugu kosta ahala kosta. Baina lortuko ez balitz ere, denborarekin jabetuko ginateke benetan aurten egin dugun denboraldiaz. KAE 1 liga irabazi dugu, Espainiako Txapelketa irabazi dugu... Igoera lortuko bagenu, Getariaren historiako urterik onena izan dela esango genuke, Kontxak irabazi ziren urteak kenduta, noski.