Irailean sartzearekin batera zabalduko ditu berriro ateak Getariako Sahatsaga kiroldegiak. Abuztuko oporrak amaituta, asteazkenean, irailaren 1ean, izango da kirol zerbitzu hau berriro martxan.
Ohiko ordutegiarekin egingo du lan kiroldegiak: astelehenetik ostiralera bitartean, goizez 8:30etik 12:30era izango da zabalik, eta arratsaldez 16:00etatik 22:00etara. Asteburuetan goizez bakarrik egingo du lan: 9:00etatik 13:00etara.
Hurrengo astelehenean, hilaren 6an, berrekingo diote aurreko kurtsotik martxan zeuden ikastaro edo jarduera batzuei. Kiroldegiko arduradunek azaldu dutenez, erabiltzaileek zein bazkideek kiroldegiak bertan aurkituko dute ikastaroen eta hauen ordutegien informazioa. Gaineratu dute kurtso berri honetarako ikastaro berriak eskainiko direla. "Hainbat ikastaro urrian hasiko dira, eta irailaren azken astean ate irekien jardunaldiak antolatuko dira erabiltzailek jarduera berrietara animatzeko asmoz". Kurtso honetan eskainiko diren ikastaroak eta jarduerak honakoak izango direla azaldu dute: haurrentzat judoa, karatea, boulderra eta zumba, eta helduentzat spinninga, yoga, hipopresiboak, zumba, aerobika, pilatesa eta karatea. Hirugarren adinekoen goizetako pilates klaseak ere urtero bezala eskainiko dira.
Sahatsaga kiroldegian eskaintzen diren zerbitzu guztiak martxan izango direla ere azaldu dute kiroldegiko arduradunek; hala nola, gimnasioa, aldagelak, padela, eremu hezea, etab. Hori bai, pandemiaren eboluzioaren barruan legediak ezarritako neurriak bete beharko direla gaineratu dute. Aurreko kurtsoan bezala, aldagelen erabilera murrizteko asmoz, etxetik toalla bat eramatea gomendatzen zaie erabiltzaile guztiei, "higiene babes neurriak ahalik eta modu zorrotzenean betetzeko".