Laugarrengoz irabazi du Getariak KAE-1 liga

Juan Luis Romatet 2021eko abuztuaren 22a

Gaur arratsaldean amaitu da KAE-1 liga, Bilbon jokatutako elojuaren aurkako estropadarekin. Sailkapenean liderra zen Getariak ezin izan du bandera eskuratu; bai, ordea, liga bera. Laugarrengoz irabaiz du Esperantzak liga hau.

Erlojuaren aurka aritu dira ligan aritu diren hamahiru ontziak, Ibaizabalen, bi txandatan banatuta. Lehen txandan, sailkapen orokorrean atzeko postuetan zebiltzan sei traineruak atera dira. Bertan ziren Orioko B ontzia eta Zumaia. Oriotarrek irabazi dute txanda hau, eta Telmo Deun hirugarren izan da. 

Sailkapeneko lehen zazpi traineruen txanda izan da jarraian, eta zazpiek ere lehen txandako ontziek baino denbora hobea egin dute. Txandako, eta estropadako, irabazlea Kaiku izan da. Sailkapen orokorreko lidergoan zegoen Getaria bigarren izan da gaur, sestaotarrengandik segundo eskasera. 

Eguneko sailkapenean bigarren izan da Getaria, zortzigarren Orio B eta hamargarren Zumaia. Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. 

Sailkapen orokorrari dagokionez, Getariako Esperantza izan da ligako irabazlea; 11,53 puntu lortu ditu Getariak, 11,13 Kaikuk eta 10,93 Pedreñak. Ondorioz, Eusko Label ligarako play off estropada jokatuko du Esperantzak. 

Eskualdeko beste bi ontziak ez dira hain fin ibili: Zumaiak zortzigarren postuan amaitu du liga, eta bederatzigarren Oriok. 

ETE ligako estropada

ETE ligako estropada jokatu da arratsaldean Ibaizabalen, gizonezkoen estropadaren aurretik. Ane Aizpurua Basterretxearen oroimenezko bandera izan dute jokoan, eta Tolosaldea izan da irabazlea. Zumaiak seigarren postuarekin konformatu behar izan du gaur. Sailkapen orokorrean, bosgarren da Zumaia.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide