Ramona's First Evil Boyfriend eta Martin de Marte musika proiektuen kontzertua izango da ostiralean, hilaren 20an, Cristobal Balenciaga Museoan. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Kaixo Lagun albumarekin hasi zuen Martin Muruak -Martín de Marte- bere ibilbide martetarra 2019. urtean. Urtebete beranduago, Red River Ride lan berria plazaratu zuen. Bi lanak berak editatu eta ekoitzitakoak dira DIY formularen bidez. Bi EP-etako musika-proposamena iradokitzailea eta atsegina da, atmosfera berezi bat sortzen dutelarik.
Bigarren albumetik aurrera, proiektua taldean garatzea erabaki zuen, Zarauzko hiru laguni deituta: Ion Ferrera gitarra, Xabier Aramendi baxua eta Nikolas Eizagirre bateria. Ukitu psikodelikoak dituen rocka eta popa jotzen ditu Martin de Martek, eta jazzari egindako keinuak ere ez dira falta.
Jotzen dutenean rock-a, pop-a eta indie-a nahasten dituzte, ukitu psikodelikoekin eta jazz-ari egindako keinuekin.
Ramona’s First Evil Boyfriend, berriz, Andrea Pozok (Azkoitia) eta Josemari Unanuek (Hendaia), iazko apirilean, konfinamendu garaian, sortutako bikotea da. Hasiera batean demo batzuk grabatu zituzten eta aurrerago, irailean, haien lehen lana osatzen duten zortzi kanta grabatu zituzten etxeko trastelekuan.
Influentziei dagokionez, haien estiloa lo-fi, dream pop eta folk-aren nahasketa dela uste dute, eta lehen lan honetan soinu intimoa, xinplea, lortu nahi izan dute, baina inprobisazioaren esentzia hori galdu gabe.