Getariako Udalak Askizu auzoan eman dio amaiera uda garairako prestatutako egitarauari. Hain zuzen ere, Getarian. Gozatu. Kultura izenpean ekitaldi ugari izan da azken hilabete eta erdian, eta gaurko hitzordua izan da azkena. Eguraldia alde izan ez arren, ikusle ugari gerturatu da Askizuko frontoira. Maskarak jantzita eta distantziak errespetatuta, harmailetatik jarraitu dute herri kirol erakustaldia.
Iparraldeko jokoetan aritu dira Jon Lapazaran, Juan Karlos Lopez, Jon Loiola eta Tubi kirolariak. Manolo Kañamaresek, berriz, erakustaldi ederra eman du enborra 5 metrotara mozten. Gero, ondorengo lanak egin dituzte: lastoa jaso, ingudea, trontza, lasto jaurtiketa eta lokotx biltzea.
Auzokideez gain, bisitari ugari gerturatu da herri kirolez gozatzera, eta horietako batzuk ingudea edota lasto jasotzea probatzera ere animatu dira.