Agintaldi erdia Udal Gobernuan

Haritz Alberdi: "Adinekoek bizitza duina izan dezaten laguntzak eman nahi ditugu"

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 28a

Agintaldi erdi hau esaldi bakarrean laburbilduko zenuke?

Gure egunerokotasunean eragina izan duen agintaldi erdia izan da, baina, aldi berean, azpimarratu behar da aurrera goazela, bizirik gaudela. Lehentasunak markatuta ditugu, eta egitasmoak aurrera ateratzen ari gara. Oinarrian pertsonak eta elkarteak jarri ditugu, eta haiei begirako dinamikak eta ekimenak gauzatzen ari gara.

Dena den, hasierako asmoetatik geldituko zen zerbait albo batera, ezta?

Bai, bereziki 2020an. Lehentasunak berrikusi behar izan genituen, eta horiek aurrera ateratzen saiatu: besteak beste, kale batzuetan zenefa jarri dugu irisgarritasuna hobetzeko, kultur ekitaldiak antolatzen jarraitu dugu, eskolako jolastokia berritu dugu, gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko ordenantza sortu dugu, mundu birako ekintzak egiten ari gara, genero ikuspegitik urratsak ematen jarraitu dugu... Kirol arloan, eskola kirola bertan behera gelditu zenean erabaki genuen bertako eragileen laguntzarekin normalean egiten ez diren kirolak probatzea, eta jendea oso gustura gelditu da. Genero ikuspegitik ere, hainbat urrats eman ditugu hilabete hauetan zehar.

Gazteentzako laguntzen gaia etxebizitzarenari lotuta dago. Zein da herriko egoera?

2019tik tresna legalak praktikan jarri ditugu, etxebizitza turistikoen eta etxe hutsen arazoari aurre egiteko. Arazoa diot, kalkulatu dugulako 230 etxebizitza huts daudela herrian. Kopuru handia da. Ordenantza fiskaletan aldaketa bat egin genuen, eta etxe hutsei gehiagarri bat kobratzen hasi gara. Etxe turistikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren 2019ko legearen eta Getariako arau subsidiarioen arabera ari gara baimenak ematen edo ukatzen. Bestalde, agindu genuen gazteen emantzipazioan laguntzeko alokairura bideratutako ordenantza egingo zela eta dirulaguntzak emango zirela, eta horixe egingo dugu Getariaren historian lehen aldiz. Udazkenean egin nahi dugu publiko ordenantza, laguntzetara aurkeztu behar duten herritarrei horretarako aukera emateko.

Inguruko herri batzuetan martxan dira alokairu sozialeko etxeen proiektuak. Zuek badaukazue halako asmorik?

Bai, buruan dabilkigun ideia da, baina hori Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egin beharreko zerbait da, eta hain zuzen, horretarako egokia ikusten dugun eremu bat ere badugu identifikatuta, eta hurrengo urratsa da Jaurlaritzarekin hitz egin eta aukerak aztertzea. Niretzat, hala ere, honetan guztian garrantzitsuena da etorkizunean ezin dugula funtzionatzen jarraitu orain arte egin dugun gisan. Alegia, alokairuaren aldeko apustu garbia egin behar da. Orion eta beste hainbat herritan ari dira aukerak zabaltzen, eta gure txikitasunetik, baina etorkizunean bide hori jorratu egin behar dugu, eta horrekin batera, baita trantsizio
energetikoa ere.

Zer urrats ari zarete ematen herrian trantsizio energetikoari dagokionez?

Ezin dugu datozen urteetan funtzionatu orain arte funtzionatu dugun bezala, klimak ez digulako uzten, ezta Europatik datozen zuzentarauek ere. Aldaketa horiek txertatzen joan behar dugu. Zer urrats ari garen ematen? Bada, alde batetik, klima aldaketari aurre egiteko plana idazten ari gara, eta horrek trantsizio ekologikoari begira herri osoa bere osotasunean jasoko du. Bestetik, Getariako Udala Goiener eta Nafarkoopeko bazkide egin zen, eta jada ikerketa bat egina dago, baita proposamen bat ere mahai gainean, eraikin publikoetan ahalik autokontsumo gehien sustatzeko; %30-35 autokontsumitzeko eguzki plaken bidez, eta aztertuta daukagu panel horien kokapena eta zenbateko kostua izango lukeen ere. Zazpi urtean amortizatuko lirateke, eta kalkulatu dute 30 urtean 240.000 euroko aurrezpena izango lukeela udalak. Hirugarren bidea da komunitate energetikoak sortzearena. Etorkizun hurbileko erronketako bat da, eta horretan hasiak gaude. Helburua da herritarrak ahalduntzea trantsizio ekologiko eta energetikoari begira, beraiek erabakitzeko zer urrats eman: izan eguzki plakak, izan ibilgailu elektrikoentzat guneak jartzea, etxebizitzak babestu eta energia aurrezteko erabakiak hartzeko...

Agintaldi amaierara arte zer lan ildo nagusi dituzue?

Gobernantza ereduari garrantzi berezia ematen diogu. Esango nuke Getariaren historian lehen aldiz aho batez onartu direla udal aurrekontuak, eta hori da udalean lan egiteko beste estilo bat ezarri nahi dugulako. Udal Gobernuko hautetsiok, baita alkateak ere, kalean ibili behar dugu, herria ukitu eta sentitu egin behar dugu. Herritarrekin eta elkarteekin nahi dugu egin bidea, eta udaletxean, EAJrekin elkarlanerako aukerak, espazioak, hitz egiteko formak... irekitzen ari gara.

Zein dira beste ildo nagusiak?

Guk oinarrian pertsonak jarri ditugu, herritarrak eta eragileak, eta etorkizuneko erronkak bide horretatik doaz. Esaterako, jarraituko dugu Alde Zahar osoan zenefa jartzen, eta adinekoentzat dirulaguntza sortzeko ordenantza berria egin nahi dugu. Bizitza duina izateko gutxienekoak estaltzea da asmoa, hau da, 1.080 eurotako gutxienekora iristen ez diren eta baldintzak betetzen dituzten jubilatuak diruz laguntzea. Horretarako, jakin behar dugu zein den errealitatea eta, horregatik, datozen hilabeteetan inkesta bat egingo dugu.

Getariako Udalak badauka horri erantzuteko ahalmen ekonomikoa?

Aztertuko genuke.

Berdintasun Plana egiteko asmoa ere baduzue.

Bai, eta hori da beste lehentasunetako bat. Genero ikuspegitik hainbat urrats ematen ari gara, eta bide horretan ere, hala jarraituko dugu datozen hilabeteetan. Orain diagnostikoa idazten ari gara, eta ondoren, egoki ikusten bada, Berdintasun Plana idatziko dugu. Bide horretan, udalean ateratzen diren kontratu edo esleipenetan ere genero ikuspegia barneratzen ari gara, baita emakumeak ikusaraztearena ere... Kultur arloan ekitaldiak antolatzen jarraitzea ere garrantzitsua da guretzat, eta mundu bira ere hor dago.

Hain zuzen, ekintza asko ari zarete egiten mundu biraren harira udala nahiz Elkano Fundazioa.

Guk gure historia idatzi nahi dugu, eta horretarako modu egokiena iruditzen zaigu dauden kontakizun desberdinen artean etorkizuneko gure kontakizun bat idaztea; mundu biraren oinarrian hori dago gure ustez. Gure lana da bide horiek erraztea. Hurrengo urtean izango da Elkanoren Lehorreratzea, eta hor ere abiatu dugu hausnarketa prozesua.



Fundazioa hurrengo urtean desegingo da. Hortik aurrera, zer lan egin behar da zure ustez?

Prozesuak dinamikoa izan behar du; pertsona eta belaunaldi desberdinek elikatu behar dute. Asko dago ikasteko, eta jakintza berriak jasotzeko ere jarraitu egin behar du jendeak ekarpenak egiten. Horrez gain, oso inportantea dela uste dut desberdin pentsatzen dugun pertsonen artean ulerkera egitea eta hori herriari eskaintzea, herriaren altxor bat delako. Umeei exijitu egiten diegu hitz eginez adostasunak bilatzea eta aurrera egitea. Hori da helduoi egitea tokatzen zaiguna, eta hori da udal honek nahi duena. Herritarrek eskatu eta eskertu egiten dute hori.

Gai honetan ere adostasuna dago udaleko bi alderdion artean?

Ikuspegi bera edo desberdina eduki, badago partekatzen dugun zerbait, eta hori Euskal Herriko hainbat instituziorekin ere sentitu dut: iritsi da garaia mendeurren hau aukera bihurtzeko eta bere argi eta ilun guztiekin guk gure historia kontatzeko; gure pertsonaien inguruan guk hitz egiteko; eta testuinguru haren inguruan ere guk gure kontakizuna egiteko. Izan Elkanoren inguruan, mundu biraren inguruan edo baita hura guztia posible egin zuen testuinguruaz ere: apenas hitz egin da guk itsasoarekiko izan dugun harremanaz, itsas teknologia zer puntutan aurkitzen zen, zer eboluzio eduki zuen eta horrek zer aukera
ireki zituen... Hemen bazegoen jakintza bat, hemen bazegoen punta-puntako industria eta teknologia bat, eta hori kontatu egin behar dugu, eta hori balioan jarri.

Fundazioa hurrengo urtean desegingo da. Hortik aurrera nola ikusten duzu herrian egin beharreko lana?

Datozen hilabeteak aprobetxatu behar ditugu ikasketa prozesu honetan, eta gero, jakintza hori guztia hor utzi, datozen belaunaldi berriek ere lanketa horrekin aurrera egin dezaten. Prozesu dinamikoa da, eta pertsona eta belaunaldi desberdinek elikatu behar dute. Getariak Lehorreratzearekin jarraituko du, orain 100 urte herriak sortu zuelako, eta herriak mantendu duelako, eta horren inguruko lanketak jarraituko du. Eboluzioa eman beharko da, eta sortzen diren bitartekoek ere eboluzionatzen joan beharko dute. Lanketa hau ezin da Fundazioarekin bukatu, asko dagoelako ikasteko, eta jakintza berriak jasotzeko ere jarraitu egin behar duelako jendeak ekarpenak egiten.

Harrera plana ere egin duzue agintaldi honetan.

Bai. Pandemiagatik ezin izan dugu plana aktibatu, baina herria osatzen dugun komunitateen arteko aniztasun hori balioan jarri eta guztion artean aurrera egitea da helburua. Herri oso aberatsa dugu, hizkuntza, kultura eta bizi esperientzia desberdin pila bat daude, eta denen artean herri bat eraiki behar dugu.

Nolako Getaria nahiko zenuke ikusi agintaldi amaieran, edo epe luzeago batean?

Udalari dagokionez, gobernatzeko eran aldaketak egiten jarraitu behar dugu, ezinbestean; herria bultzatzen jarraitu behar da herritarrekin eta herriko eragileekin. Bestalde, proiektuek pertsonen benetako beharrei erantzun behar diete. Horrez gain, herrian badaude hainbat txoko, urteen poderioz eta hainbat arrazoigatik, erabili gabe eta mantendu gabe gelditu direnak. Horiei buruz hausnartu, horiek berreskuratu eta horiei berrerabilpen bat ematea ezinbestekoa dela uste dut.

Portuari buruz ari zara?

Bai. Getariako herria ezin da ulertu moilarik gabe, eta moila ezin da ulertu Getariako herririk gabe. Baina, aldi berean, antolaketa instituzionalak deskonexioa eragiten du gaur egun, eta etorkizunean, arazo hori konpondu beharko litzateke hor partea duten instituzioen artean harremanak hobetuta.

Jaurlaritzak moila biziberritzeko plan bat aurkeztu zuen orain hilabete batzuk, baina ez ditu jaso Udal Gobernuarentzat garrantzitsuak ziren puntu batzuk. Kezka eragiten dizue plan horrek?

Hobetu beharreko puntu garrantzitsuak bazituen, niretzat moilak ezinbestean etorkizunean arrantza portu bat izaten jarraitu behar duelako. Gipuzkoan baxurako porturik garrantzitsuenetakoa da, baita eguneko arrantza egiten den portu garrantzitsua ere. Horregatik, hartzen diren neurriek hori mantendu eta indartzea nahiko nuke. Gure ondare immaterial guztia ere jasotzen du: hor bainatu gara, hortik atera gara txalupa txikietan arrantzara, eta hori guztia etorkizunean ere babestu egin beharko litzateke. Bestetik, portu inguruak herriari aukera handia ematen dio bisitariak jasotzeko, eta beharbada hori ordenatu beharko litzateke; gaur egungo teknologiak ematen du horretarako aukera.

Baxurako arrantza aipatu duzu. Osasuntsu ikusten duzu? Herri batzuetan belaunaldi etena ari delako gertatzen...

Argi izpi handia ikusten dut, baina instituzioek babestu egin behar dute, eta belaunaldi berriak erakarri behar dira, hor lanean jarraituko dutela ziurtatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide