Elkanoren Lehorreratzeaz parte hartze prozesua abiatuko du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 22a

Datorren urtean 100 urte beteko dira herritarrek lehen aldiz Lehorreratzea irudikatu zutenetik, eta udalak herriko eragileekin eta herritarrekin hausnartu eta erabaki nahi du hemendik aurrera nola irudikatu behar den herriko historiako pasarte hori. Horregatik, hainbat lan saio prestatu dituzte irailetik abendura bitartean.

Elkanoren Lehorreratzea 1922an irudikatu zuten getariarrek aurreneko aldiz, hark lehendabiziko mundubira amaitu zueneko unea ardatz hartuta. Ordutik, lau urtez behin egin izan dute herritarrek antzezlana. Datorren urtean, lehen mundubiraren 500.urteurrenean, egingo dute hurrengoa, eta Getariako Udalak erabaki du parte hartze prozesua abiatzeko une egokia dela.

Hala, irailetik abendura bitartean herriko eragileekin eta herritarrekin hausnartuko du hemendik aurrera Lehorreratzeak nolakoa izan behar duen. "Prozesu honen helburua da ezagutzea gaur egun nola bizi duten getariarrek Elkanoren Lehorreratze ekitaldia, etorkizunean nola irudikatzen duten marraztea eta, 2022 urtera begira, bide berriren bat irekiko ote den aztertzea".

Horretarako, prest ditu hainbat pauso: batetik, parte hartze prozesuaren lanketa egingo duen lantaldea osatuko du udalak. Horretan ari dira une honetan, "betidanik herriarekiko konpromisoa eta ekarpenak egiteko gogoa erakutsi duten 20 edo 25 lagunekin".

Bestetik, udalak ekitaldi publikoa egingo du herritarrei azaltzeko zein diren parte hartze prozesuaren arrazoiak eta lan dinamika –oraingoz ez dute zehaztu data–. Ondoren, talde eragilearekin eta beste herritar taldeekin aurrez aurreko lan saioak hasiko dituzte. Horietan aniztasuna bermatu nahi du udalak "elkarrizketa aberasteko". Hala, aurreratu du indar berezia jarriko duela "emakumeak, ekintzaileak, gazteak eta nerabeak" egon daitezen saio horietan.

Urrian, Mintzodromoa

Udalak zehaztu duenez, zortzi elkarrizketa eta parte hartze saio egingo dituzte denera. Horrez gain, urrian, "herritar guztiei irekitako Mintzodromoa" egingo dute, eta herritarrek galdetegi bidez ere beren ekarpenak egiteko aukera edukiko dute.

Saio horietan guztietan bildutako informazioarekin ondorioak aterako ditu udalak, "Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen laguntzeko eta, beharrezkoa balitz, horrek berarekin dakartzan egokitzapenak planteatzeko".

Udal Gobernuak azpimarratu du, azkenik, urteotan Lehorreratze ekitaldia errealitate egin duten herritarren "ahalegin, ilusio eta ekarpenaren aitortzatik" abiatzen dela parte hartze prozesu hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide