Getarian, San Anton mendian izarrak ikusteko herritarrekin saio bat egiten ari zirenean erabaki zuten Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Elkano Fundazioak Euskal Herriko paraleloan, hau da, 43 graduko ipar latitudean kokatuta dagoen planisferioa egitea. Oso-osorik euskaraz egongo zena, gainera.
Planisferio bat plano batean proiektatutako zeru sabai bateko izarren mapa da, eta erabiltzen da konstelazioak eta izarrak ezagutzeko. Orain arte 40 gradukoa erabiltzen zen, Madrilgo zerua erdigunean zuena, baina bi urteko lanaren ondoren, prest dago Euskal Herria ardatz duena, eta gaur aurkeztu dute Getarian Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak, Rafa Zulaika Elkano Fundazioko proiektu buruak eta Iñigo Atorrasagasti Kutxa Fundazioko ordezkariak.
Azken bi horiek Aranzadik egindako lana goraipatu dute, eta proiektuak beren balioekin bat egiten dutela azaldu dute. Kutxak diruz lagundu du, eta Elkano Fundazioa bidelagun izan du Aranzadik lan honetan. "Lehen mundu biraren urtemugaren motibaziotik sortu zen Aranzadirekin dugun elkarlana, eta gure xedea da ezagutza berria sortu eta lankidetza sareen bidez horiek gizarteari zabaltzea", esan du Zulaikak.
Papera, app-a baino zehatzagoa
Planisferioa kartoizko euskarrian argitaratu dute. Forma borobila du, eta koloretan dago. Liburuxka bat ere badu, nola erabili jakiteko. Garciak azaldu duenez, ordua eta eguna jarri behar dira planisferioak ondo funtzionatzeko.
Virginia Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia saileko zuzendaria, planisferioa erabiltzeko liburuxkarekin (Onintza Lete Arrieta)Sistema sinplea izan arren, Garciak azpimarratu du sakelako telefonoetako app-ak baino fidagarriagoa dela. "Astronomian adituak garenok atzeman ditzakegu app-ak erakutsi ditzakeen akatsak edo distortsioak, baina herritarrek ez. Guk argitaratu dugun mapak, berriz, ez du akats hori emango".
1.000 ale argitaratu dituzte, eta astelehenetik aurrera liburu dendetan eta liburutegietan egongo dira eskuragarri 25 euroan. Gainera, Berria egunkariaren bitartez ere eskuratu ahalko dira. Irati Azkue Berria-ko ordezkariak eskerrak eman dizkioe Aranzadiri eta laguntzaileei halako proiektu bat egiteagatik, eta esan du beraiek beti egingo dutela bat euskararen sustapenarekin eta horrelako proiektuekin. "Jendeak zerua ere euskaraz irakur dezan sustatu nahi du Berriak".