Duela astebete Getarian lan istripuz hil zen Krispin Lazkano aizarnazabaldarraren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur bertako plazan ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, eta Hiru sindikatuek. . Udaleko ordezkaritza ere han izan da. Elkarretaratzearen amaieran jakitera eman dute gutxienez 32 lagun hil direla aurten lan istripuen ondorioz Euskal Herrian, eta gaineratu dute lan heriotza bakoitzaren atzean «izen eta abizenak, familiak eta arduradunak" daudela. "Bada garaia arazo larri hau agenda politikoan kokatzeko". Lazkano traktorean zebilela gertatu zen aurreko ostiraleko ezbeharra, eta sindikatuek salatu dute ez direla neurriak hartzen horrelako istripuak berriro gertatu ez daitezen. "Antza, administrazio publikoetako arduradunek ez dute honen berri, edo ez dute honi buruz ezer jakin nahi. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu hiltzaile hau geldiarazteko?". Gaineratu dute argi dutela lan istripuak ez direla "zoriak edo kasualitateak sortuak", baizik eta "lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza" direla. Horrez gain, "elkartasun eta babes osoa" helarazi dizkiete Lazkanoren senide eta lagunei.