241 igerilari aterako dira San Anton Biran, urtebeteko etenaren ostean

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 15a

Hainbat neurri berezi hartu behar izan dituzte kirol proba egungo egoerara egokitzeko. Itsasoko korronteek baldintzatu egin dezakete igandeko proba, duela bi urte bezala

Itsas zeharkaldi gehientsuenak bertan behera geratzen ari diren garaiotan, Getariako Triatloi Elkarteak San Anton Bira itsas zeharkaldia antolatzea erabaki du, zailtasunak zailtasun. Izena emateko epea itxita dago, eta 241 igerilari aterako dira 2.400 metro inguruko proban igande honetan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 191 gizonezko eta 51 emakume uretaratuko dira, horietako asko bailarakoak: 26 getariar, 31 zarauztar eta hamahiru zumaiar. Besteak beste, puntako hainbat kirolarik ere parte hartuko dute; Ane Vegak, Helene Alberdik eta Ander Vilariñok kasu.

2019an egin zen lehen aldiz Getariako itsas zeharkaldia, eta gainontzeko kirol proba guztiak bezala, bertan behera geratu zen 2020an. Duela bi urteko hartan, ordea, itsasoaren egoera zakarra zela medio, ez zuten aukerarik izan San Anton mendiari bira emateko. Alternatiba gisa, beste zirkuitu bat egin zuten Malkorbe hondartzan bertan, buia batzuen bidez. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ere prest daukate alternatiba hori. Baldintzak egokiak badira, San Anton bira egingo dute, Gaztetape hondartzatik Malkorbera, baina ikusten badute itsasoan ez dagoela bira hori egiteko baldintza egokirik, antzeko distantzia daukan buelta alternatiboa egingo dute Malkorben, duela bi urte egin bezala. «San Anton Mendiaren atzealdean sekulako korronteak sortzen dira», jakitera eman dute antolatzaileek.

Pandemiagatik, taldeka

Osasun egoerak hala behartuta, neurri bereziak hartu behar izan dituzte antolatzaileek aurtengoan. Izena ematerakoan, igerilari bakoitzak bere denbora ipini du, eta horren arabera, 50eko taldeetan banatu dituzte. Talde bakoitzak mahai bat edukiko du dortsalak hartzeko, eta mahai horretan utziko dituzte hasieran motxilak edo bestelako materiala. Proba 10:00etan hasiko da, eta 08:00etatik 09:30era banatuko dituzte dortsalak. Antolatzaileek gogorarazi dute parte hartzaile guztiek sinatuta eraman beharko dutela erantzukizunpeko adierazpena COVID-19a dela eta, edota aurrez posta elektronikoz bidali beharko dutela. Dena den, partaide guztiei mezu bat bidaliko diete aste honetan jarraitu beharreko argibide guztiekin.

Bestalde, uretara sartu arte maskara jantzita eduki beharko dute igerilariek, eta irteera puntuan zaborrontzi batzuk jarriko dituzte, maskarak horietara bota ahal izateko. Helmugan, Malkorbe hondartzan, korridore estu bat jarriko dute, eta hortik bideratuko dituzte igerilariak. Anoa gunea egongo da bertan, baina antolatzaileek azaldu dute jendea handik lehenbailehen igarotzea dela helburua, «berriketan geratu gabe». Kirol proba herrikoi orotan bezala, igandean ere hainbat boluntario ariko dira lanean, lehorrean nahiz txalupa eta piraguetan, guztia ondo atera dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide