'Getarian. Gozatu. Kultura' zikloak hartuko du Getaria uda honetan

Dorleta Agiriano Lai 2021eko uztailaren 10a

Aurten ere ez da Salbatore jairik izango Getarian, baina horren ordez, kultur eskaintza zabala antolatu dute udalak eta herriko zenbait kultur eragilek: musikaz, antzerkiaz, dantzaz, kirolaz nahiz festei lotutako hainbat ekimenez gozatzeko aukera egongo da uztailaren 24tik abuztuaren 15era bitartean. Doakoak izango dira ekitaldi guztiak, eta uztailaren 13tik aurrera eskuratu ahal izango dira gonbidapen-txartelak.

Salbatore jaietako ospakizunik ez, baina aurten ere izango da kultur ekitaldirik Getarian. Udalak eta herriko hainbat kultur eragilek atzo aurkeztu zuten uztailerako eta abuzturako prestatutako ekimen sorta, Getarian. Gozatu. Kultura izenpean. Egunik potoloneak eta "indartsuenak" salbatoreak ospatuko liratekeen egunak izango badira ere, uztailaren 24an hasi eta abuztuaren 15era arte iraungo du egitarau zabalak.

Ekaitz Esteban Getariako Gazteria zinegotziak atzokoan azaldu zuenez, uda honetako kultur agendak izango ditu zenbait berezitasun. Adin guztietakoei "zerbait eskaini" nahi izan diete, eta "auzoetara iristea" ere izan dute helburu. Meagan, Askizun eta San Prudentzion ere izango dira ekimenak beraz, auzo horietako bizilagunak ere "honen parte sentitu daitezen". "Bilerak egin ditugu auzokideekin, zer nahi duten ikusteko", dio Estebanek.

Getaitik Getaira emanaldiari ere egin dio azpimarra zinegotziak. Abuztuaren 5ean izango da kiroldegi kanpoko pistan eta, besteak beste, parte hartuko dute herriko hainbat bertsolarik, musikarik, abeslarik, dantzarik, trikitilarik eta panderojolek. "Emanaldi berezi bat" sortzeko elkartu dira guztiak, Estebanen esanetan. Ikuskizun hori izango da Salbatore jaiek hartuko lituzketen egunetako ekitaldiei hasiera emateko "txupinazoa", eta esan bezala, festak ohi bezala ospatuko ez badira ere, egongo dira ohiko zenbait ekimen ere: abuztuaren 7an, esaterako, gaur egungo "egoerara egokitutako" haur danborrada egingo dute kiroldegi kanpoko pistan, geldirik.

Gonbidapenak, hurrengo asteartetik aurrera

Doakoak izango dira Getarian. Gozatu. Kultura zikloaren barruan prestatutako ekitaldi guztiak, eta mugatuta egongo da edukiera. Estebanek azaldu du getariarrek izango dutela lehentasuna; izan ere, uztailaren 13an jarriko dituzte eskuragai gonbidapen-txartel guztiak turismo bulegoan, baina egun horretan getariarrek soilik hartu ahal izango dituzte tiketak, 19:00etatik 20:00etara bitartean.

Uztailaren 14tik aurrera, aldiz, edozeinek eskatu ahal izango ditu gonbidapenak, turismo bulegora bertaratuta nahiz Getaria Gertu aplikazioaren bidez. Egunero egongo da zabalik turismo bulegoa, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

Antolatzaileek jakinarazi dute nahi adina ekitalditarako gonbidapen-txartelak eskatu ahal izango direla; dena den, pertsona bakoitzak gehienez hiru tiket hartu ahal izango ditu ekimen bakoitzeko. Bestalde, ohartarazi dute emanaldia hasi baino 15 minutu lehenago eseri beharko duela bere tokian bakoitzak. Baldintza hori betetzen ez duenak gonbidapen-txartela galduko du, eta sarrerarik gabe ilaran zain dagoen beste norbaiti eskainiko zaio leku hori. Tiketik ez dutenek, beraz, badute bertaratzeko eta lekuren bat libre geratzeko zain egoteko aukera.

Egitaraua

Uztailak 24, larunbata

  • 22:00etan, Afrika Bibangen kontzertua frontoian.

Uztailak 25, igandea

  • 18:00etan, bertso saioa Meagan.

Uztailak 31, larunbata

  • 19:30ean, Aukeran Dantza Konpainiaren Maurizia naiz ikuskizuna Bista Onan.

Abuztuak 1, igandea

  • 18:00etan, Eskuz binakako XXIII. Salbatore Txapelketako gazteen eta kadeteen finalak frontoian.
  • 19:00etan, Potx eta Lotxen Etxean ikuskizuna Bista Onan.

Abuztuak 3, asteartea

  • 20:00etan, Berdinki zirku garaikide konpainiaren Mikra ikuskizuna San Prudentzion.

Abuztuak 4, asteazkena

  • 19:00etan, Kantu Kolore taldearen Ametsen urtebetetzea ikuskizuna Bista Onan.
  • 20:45ean, Arraun ta amets musika emanaldia Salbatore elizan.

Abuztuak 5, osteguna

  • 20:00etan, Getaitik Getaira emanaldia kiroldegi kanpoko pistan.

Abuztuak 6, ostirala

  • 09:30ean, diana Getariako Musika Bandaren eskutik.
  • 12:30ean, Getariako Musika Bandaren kontzertua Harritarten.
  • 18:00etan, Eskuz Binakako Emakumezkoen IV. Elkano Sariko eta XXIII. Salbatore Txapelketako 22 urtez azpikoen finalak frontoian.
  • 19:00etan, Trakamatraka ikuskizun musikala Bista Onan.

Abuztuak 7, larunbata

  • 17:30ean, haurren danborrada Gure Txeruren eskutik, kiroldegi kanpoko pistan.
  • 20:00etan, Intzak Hik taldearen kontzertua Bista Onan.

Abuztuak 8, igandea

  • 09:30ean, diana Gazte Alaiak txistularien eskutik.
  • 12:00etan, estropadak (XII. Getariako Ikurrina).
  • 19:00etan, Puro Relajo taldearen kontzertua Bista Onan.

Abuztuak 14, larunbata

  • 22:00etan, Deabru Beltzak kale antzerki taldearen Les Tambours De Feu ikuskizuna frontoian.

Abuztuak 15, igandea

  • 12:30ean, herri kirolak Askizun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide