Esperantzari paladaka

Amaia Urbieta Arruti 2021eko uztailaren 9a

Denboraldi hasiera aparta egin du Getariako Arraun Elkarteko ‘Esperantza’ traineruak: hirugarren dira KAE 1 mailan. Handinahirik gabeko taldea da getariarrena ordea, eta «hankak lurrean» dituztela dio entrenatzaileak

Paper txukuna jokatzen ari da Getariako Esperantza trainerua KAE 1 ligan. Hirugarren da gaur-gaurkoz sailkapenean, bigarren doan Kaikurekin puntuetan berdinduta. Azken bi denboraldiak ere txukun antzean amaitu dituzte getariarrek, eta halako emaitzak lortzeko neguan gogor lan egin behar izaten dela azaldu du Jon Larrañaga taldeko entrenatzaileak. «Negua gogorra izaten da beti, baina egia da aurtengoa salbuespenezkoa izan dela. Talde oso txikitan egin behar izan dugu lan», azaldu du.

Gainera, zorigaitzeko ezbehar batek gogor kolpatu zuen Getaria duela hilabete gutxi, eta arraun taldeari bereziki eragin zion. Andoni Galarraga arraunlari ohia hil zen istripuz eta, horren harira, haren omenezko estropada antolatu zuten Getarian. Jardunaldi borobila izan zen ekainaren 20ko hura getariarrentzat, etxean geratu baitzen beraientzat horren berezia zen bandera. Larrañagak azpimarratu du esker bereziak eman nahiko lizkiekeela egun hartan lanean jardun ziren boluntario guztiei. «Estropada hura gutxitan bezala gozatu genuen, bai arraunlariek bai herritarrek. Jende askok lagundu zuen eta hori igarri egin zen gero. Hori da zaindu behar dena».


Apal, baina egoskor

Neguak, besteak beste, balio ohi du denboraldiari begira helburuak markatzeko, baina Larrañagak azaldu du beraiek ez dutela «helburu jakinik» izaten. «Gu bezalako elkarte txiki batentzat trainerua ateratzea eta uretan urte askoan edukitzea izaten dira helburuak», dio getariarrak. Sailkapenaren goiko partean ibilita, ordea, ohikoa da helburu handiagoetarako gosea piztea. Horiek, dena den, ur handiak dira Larrañagaren aburuz, eta hankak lurrean dituztela baieztatu du, «ondo lurrean ere». «Aurkariak oso ondo dabiltza eta fitxaketak egin dituzte; guk, gure apaltasunean, disfrutatu egin nahi dugu eta ahalik eta lan txukunena egin», dio entrenatzaileak. Izan ere, getariarrena elkarte apala bada ere, estropadaro «gerra ematera» ateratzen direla baieztatu du Larrañagak. «Gure gazteak ez dira bereziki indartsuak, baina bai oso burugogorrak».


Kazetariak galdetu dio entrenatzaileari ea getariarrek ikusi ahalko duten TKEn lehian Esperantza ontzia. Saiatu, saiatuko direla ez du zalantzarik Larrañatak, baina «estropadaz estropada» joan beharra dutela garbi dauka, eta halako baieztapenak egitea «zaila» dela esan du. Beste hainbat elkartetan bezala, Getariakoan ere funtsezkoa da herriko arraunzale boluntarioek egiten duten lana. «Estropadak antolatzen ditugun bakoitzean jende askok egiten du lan isil-isilik, gustura», dio. «Hori bai dela elkarte handi bat, eta horrek asko esan nahi du herriarentzat», burutu du Larrañagak, bere herriaz harro.

Hurrengo portua, Donostiako estropada

Arraun jardunaldi bikoitza edukiko dute asteburu honetan Eusko Label, Euskotren eta ETE ligetan lehian dabiltzan eskualdeko traineruek. KAE 1ekoek eta KAE 2koek, berriz, estropada bakarra jokatuko dute asteburu honetan. Eusko Label ligan dauden Orioko eta Zarauzko traineruek Donostian izango dute estropada larunbatean 18:00etan eta Zierbenan (Bizkaia) igandean, 12:00etan. Euskotren ligan den Orioko traineruak ere estropada horiek izango ditu jokoan, Eusko Labelekoen aurretik (17:40ean larunbatean eta 11:30ean igandean). 

ETE ligan diharduten Zarauzko eta Zumaiako traineruak, berriz, Donostiara eta Lekeitiora (Bizkaia) joango dira bihar eta etzi, hurrenez hurren. Donostiako lehia 12:00ak aldera hasiko da, baita Lekeitiokoa ere. KAE 1eko Getariako, Orioko eta Zumaiako traineruek Maliañon (Galizia) izango dute asteburuko estropada bakarra bihar, larunbata, 17:00etan. Azkenik, KAE 2 mailan lehiatzen ari den Zarautz-GesalagaOkelanen traineruak ere Donostian jokatuko du estropada bihar, 11:00etan, ETE ligako lehiaren aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide