Getariako Udalak hainbat dirulaguntza emango ditu "gazteen alokairuak sustatzeko"; "lehenengo aldiz", 20.000 euro bideratuko ditu 18 eta 35 urte bitarteko getariarrek etxebizitzak alokairuan har ditzaten. "Azken urteetako egoera ekonomikoak" gazteak "lanean sartzea" zaildu duela adierazi du udalak eta, beraz, "lagundu" egin nahi duela "herriko gazteen alokairuen ordainketan". "Alokatutako etxebizitzak sustatzea" ere bada udalaren helburuetako bat, eta horren harira atera du mahaira aipatutako laguntzak eskaintzeko proiektua. Neurria indarrean sartu aurretik, baina, oinarri arautzailea onartu beharko du Getariako Udalbatzak.
Ordurako, bizilagunen iritzia eta ekarpenak jaso nahi ditu udalak, eta helburu horrekin jarri du martxan parte hartze prozesu berri bat. Etxebizitzen alokairurako dirulaguntzen inguruko iritzia nahiz ekarpenak helarazi nahi dituztenek, online izango dute horretarako aukera, honako lotura honetan. Aurreko ostiralean zabaldu zuten ekarpenak egiteko epea, eta uztailaren 15a izango da azkeneko eguna.
Dena ondo bidean, udalak azaro honetan irekiko du dirulaguntzak eskatzeko epea. Gutxienez hamabi hilabetekoak diren alokairuak lagunduko ditu diruz, eta onartutako eskatzaileek hurrengo urtarrilean jasoko dituzte laguntzak.