Ostegunean inauguratuko dute Getarian berdura plazako horma irudi berria

Onintza Lete Arrieta 2021eko ekainaren 29a

Arratsaldean egingo du udalak irekiera ekitaldia herritarrentzat eta herriko taldeentzat, baina plaza goizetik egongo da zabalik. Aurreneko mundubiran oinarrituta egin dute erliebedun murala, eta bertan islatu nahi izan dutena azalduko dute ekitaldian; iragana eta etorkizuna ditu hizpide kontakizunak, baita "amesten dugun mundua" ere.

Erliebedun horma irudiaren zati batzuk

Asteak daramatza itxita Getariako berdura plazak, eta ostegun honetan itxura berrituta zabalduko ditu ateak, erliebedun horma irudi handi bat egin baitute bertan, udalaren enkarguz. 

Berdura plaza toki soila da berez, espazio hutsa, alderik alde hormaren kontra eserlekua duena, goialdean leiho bakan batzuk, eta espazioaren erdialdean pare bat pilare. Orain burututako lanekin, plazaren itxura nabarmen hobetuko da, eta horrez gain, herriko historiaren parte bat islatuta geldituko da bertan.

Aurreneko mundubirari buruzko kontakizuna eskaintzen du horma irudiak, eta irekiera ekitaldian emango ditu udalak horri buruzko azalpenak. Hala ere, aurreratu dute bi ardatz dituela kontakizunak: "Amesten dugun mundua" deitu diote aurreneko ardatzari, eta "iraganaren aitortzatik etorkizun berri batera", bigarrenari.

Ostegun honetan izango da inaugurazioa, 18:30ean, herritarrentzat eta herriko taldeentzat. Dena den, goizetik egongo da espazioa herritarrei irekita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide