Aparkalekuei buruzko araudi berria martxan da jada Getarian

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 17a

Udalaren helburu nagusia izan da getariarrei "herrigunean aparkatzeko erraztasunak" ematea. Horretarako, bisitariak portuko aparkalekuetara bideratuko dituzte.

 

Getariako Udalbatzak maiatzaren 25eko bilkuran onartu zuen Ibilgailuentzako Aparkalekuen Udal Ordenantza berria, behin betiko. Ordenantzaren testu osoa aurreko astelehenean, ekainaren 7an, argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO); hala, araudi berriak jasotzen dituen neurriak indarrean sartu dira jada.

Ibon Gereka Getariako Partaidetza zinegotziaren esanetan, udal gobernuak agintaldi hasieran aurreikusi zuen aparkamenduen auziari heltzea eta ordenantza berri bat lantzea, gai hori«lehentasunezkoa» zelako berentzat. Gerekak adierazi du bi oinarri nagusi dituela araudi berriak: batetik, «kanpotik datozen pertsonak portu inguruko aparkalekuetara bideratzea», eta bestetik, «Getariako bizilagunek herrigunean aparkatzeko erraztasunak izatea».

Herrigune modura definitu dute «portua ez den guztia», eta«herritarrentzako nolabait babestuta egongo den eremu» bilakatzea izan da asmoa. Horretarako, herrigunean aparkatzeko aukera mugatu du udalak, eta baimendutako ibilgailuak soilik utzi ahal izango dira bertan.

Ordenantzak berak zehazten du nortzuk izango duten herrigunean aparkatzeko baimena eta nortzuk ez, eta horretarako, kasuistika ugari sailkatu eta hiru bloke nagusi bereizten ditu. Lehenengo blokea osatzen dute «ibilgailua Getarian matrikulatuta daukatenek»; horiek doan aparkatu ahal izango dute herrigunean. Bigarren blokean hain bat kasu zehatz barne hartzen dira; adibidez, ibilgailua Getarian matrikulatu gabe izan arren errolda Getarian daukaten pertsonak edota herrian etxebizitza bat erosita daukatenak. Herrigunean aparkatzeko aukera izango dute, baina 30 euroko bonu bat erosita. Hirugarren taldeari dagokionez, beste zenbait kasuistika zehaztu dituzte; esaterako,Getariako eremu jakin batzuetan lan egiten duten beharginena. Horiek 15 euroren truke utzi ahal izango dute ibilgailua, baina portu inguruko aparkalekuetan soilik.

Doako zenbait aparkaleku

Getariako herrigunean aldaketa horiek guztiak ezarri badituzte ere, Gerekaren arabera, portu in-guruan lehengo dinamika bera izango da aparkalekuei dagokienez; TAOk zehaztutako ordainketa sistema egongo da martxan uda partean. «Ordenantza berriarekin espero da portuko eremua gehiagotan betetzea eta, alderantziz, herrigunean bisitari gutxiagok aparkatzea», azaldu du Gerekak. Gogorarazi du, hala ere, libreak izango direla herriguneko hainbat eremu: edozeinek doan aparkatu ahal izango du Sahatsagako eta Herrerietako zenbait tokitan.

Azaldu du, bestalde, zabaldu egin dutela udako arautegia indarrean izango den epea. Ekainaren 15etik irailaren 15era egoten zen martxan lehen, baina aurten, ekainaren 1etik irailaren30era iraungo du uda sasoiak. Gerekak azpimarratu du Getariako EAJ alderdiarekin «elkarlanean» egin dutela udal ordenantza berriaren «lanketa guztia», eta «aho batez onartu» dela araudia. Uda denboraldia amaitzean, gainera, «udaltzainekin nahiz oposizioarekin» bildu eta aparkamendu sistema berriaren«balorazioa» egingo dutela dio,«gauzak moldatzeko» beharra identifikatuko balitz, moldatzeko eta egokitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide