Getariako Udalak atzo, ekainaren 15ean, jakinarazi zuen debekatuta zegoela Malkorbe hondartzan bainatzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak hilaren 7an egin zituen hainbat laginketa Getariako hondartzetan, eta Malkorben E. coli (Escherichia coli) bakteriaren neurria gehiegizkoa zela ondorioztatu zuen; 1.000koa da baimendutako neurria, baina une horretan 1.918koa zen Getariako hondartza horretan. Hortaz, bainua debekatu zuten han.
Aste hau hasi bezain pronto egin zuen Jaurlaritzak beste laginketa bat Getarian, eta oraingoan, Gaztetapen nahiz Malkorben uraren kalitatea "bikaina" dela azaldu dute emaitzek. Malkorben, zehazki, asko jaitsi da E. coli bakteriaren neurria aurreko astearekin alderatuta; 1.918tik 30era. Ezarritako mugatik urrun dago kopuru hori, beraz, momentuz behintzat, bandera gorria kendu eta berriz ere baimendu dute Malkorben bainatzea.