E. coli bakteria dela eta, ezin da Getariako Malkorbe hondartzan bainatu

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 15a

Hilaren 7an Malkorbe hondartzan hartutako lagin bat aztertuta, momentuz bainua debekatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

 

Getariako Malkorbe hondartza. (Aiora Larrañaga)

Getariako Udalak gaur goizean jakinarazi duenez, une honetan, debekatuta dago Getariako Malkorbe hondartzan bainatzea. Eusko Jaurlaritzak aurreko astelehenean, hilaren 7an, egin zuen laginketa bat Malkorbeko uretan. Lagina aztertu ostean, E. coli (Escherichia coli) bakteria atzeman dute; 1.000koa da baimendutako gehienezko neurria, baina 1.918koa da Malkorbeko neurria bakteriari dagokionez. Hala, uraren kalitateari lotutako irizpideak oinarri hartuta, Getariako hondartza hori momentuz bainurako desegokia dela ebatzi du Jaurlaritzak, eta bandera gorria jartzea erabaki du.

Gaur beste lagin bat hartu dute Malkorben, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak udalari azaldu dionez. Bihar ere berdina egingo dute, eta E. coli bakteriari dagokion neurriak behera egiten ez badu, ez dute bainua baimenduko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide