Hamar urte bete ditu Balentziaga museoak

Mireia Galarza Bastida 2021eko ekainaren 11

Urteurrena dela eta, ekitaldia egin dute museoan, eta bertan izan dira, besteak beste, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

Balentziaga museoaren 10. urteurrena dela eta, gaur egin dute ekitaldi instituzionala museoan, eta bertan izan dira, besteak beste, museoaren patronoak diren erakundeetako ordezkari gorenak, kolaboratzaile publiko eta pribatuak, kultura erakundeak eta modaren sektoreko profesionalak.

Hitza hartzen lehena izan da Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua. "Balentziagak, sortzaile batek eduki dezakeen gauzarik garrantzitsuena eman die herritarrei: bere sorkuntzak". Bere hitzetan, hasiera "zailak" izan ziren arren,  Balentziagaren ondarea biltzen duen "mundu mailako museo bakarra" martxan jartzea lortu zuen museoko lantaldeak. Urteurrena ospatzeko, beraz, "garrantzitsua" iruditu zitzaien zerbait egitea, eta bide horretatik dator 2011-21 Legatua partekatuz erakusketa digitala. Bertan, museoaren hamar urteko ibilbidea laburtzen da, sortzailearen hamar lan esanguratsuren bidez.

Aldi berean, Balentziagaren hamar balio azpimarratu nahi izan dira bertan: lidergoa, konfiantza, leialtasuna, sorkuntza, aniztasuna, tradizioa, berrikuntza, jasangarritasuna, zehaztasuna eta erreferentzialtasuna.

Haritz Alberdi Getariako alkateak hitz egin du ondoren. Getaria herri txikia izan arren, "pertsonaia handiak" dituela nabarmendu nahi izan du, eta horietako bat da Cristobal Balentziaga moda diseinatzailea. "Goi mailako joskintzaren arkitekto" gisa definitu du Alberdik diseinatzailea, eta museoa ireki zuten eguna ekarri du gogora: "Gogoan dut oraindik museoa ireki zuten eguna, eta hamar urte geroago herriko paisaiaren parte bihurtu da, baita herriaren erakusleihoetako bat ere". Aurrera begira ere egin du keinua alkateak, eta "ezagutzaren transmisio gune" bezala definitu du Balentziaga museoa.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, berriz, "hamar urteek museoak eskaintzen dituen aukerak berresteko balio izan dute", eta bi kontzeptutan laburbildu nahi izan du museoaren jarduna: "konfiantza eta inklusioa". Bere esanetan, bisitariek "izugarrizko konfiantza" erakutsi dute museoarekiko, eta datuak eman ditu hori berresteko. Hamar urtetan hirukoiztu egin da bilduma, eta horren balio ekonomikoa bederatzi aldiz handiagoa da orain. Bisitarien aldetik, 11.000 ume eta gaztetxo pasa dira hamarkada honetan, baita aniztasun funtzionala duten beste 5.000 pertsona inguru ere.

Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kultura ministroa ere ekitaldian izan da, eta nabarmendu du kultura gure izaera "osatzen eta zehazten" laguntzen duen elementua dela. Bere hitzetan, kulturak "aberastasuna" sortzen du, eta gizarte "aske" baten "eskubidea" da. Balentziaga museoak hori guztia betetzen duelakoan, Balentziaga guztioi "ohorea" sentiarazten digun museoa dela gaineratu du Rodriguezek.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bukatzeko, "poza" adierazi du museoa noraino iritsi den ikusita, eta Juan Sebastian Elkanori keinua eginez, "museoak ere mundubira eman" duela gaineratu du. Bere hitzetan, museoak bere "izena eta izana" elkartzea lortu du, baita hobetzeko gaitasuna erakustea ere, pandemian kasurako.

Azken bi urte zailak bizi izan arren, museoak eduki duen aurrera egiteko gaitasuna azpimarratu nahi izan du lehendakariak, erreferentzialtasunik galdu gabe. Bere hitzetan, "Balentziagaren izaera munduan zabalduta, euskal izaera ere zabaltzea lortu du taldeak", eta hori "beharrezkoa" dela azpimarratu du aurrera begira, "nondik eta nora joan nahi dugun garbi izateko".

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide