Elkanoren estatuaren itxura hobetzeko eskatu dio PPk Getariako Udalari

Onintza Lete Arrieta 2021eko ekainaren 11

Herriko plazan dagoen eskultura hondatzen ari dela kritikatu du alderdi popularrak, eta estatuaren zutoina antiestetikoa dela eta ordezkatzeko ere eskatu dio udalari. Zutoinean dagoen grafia "desegokia" dela ere esan du; "Juan Sebastian Elkano" jartzen du zutoinean.

Gipuzkoako PP alderdiak Getariako Udalari eskatu dio "merezi duen errespetuarekin" zaintzeko herriko plazan dagoen Juan Sebastian Elkanoren estatua. Alderdi horren ustez "hondatzen" ari da oroigarria, eta hobekuntza lanak behar ditu. Zutoina, marmol beltzezkoa, "antiestetikoa" dela ere esan du, eta grafia "desegokia" duela–Juan Sebastian Elkano dago idatzita zutoinean–. Zutoina aldatzea da PPren proposamena.

"Aire zabalean egotearen ondorioz, figurak bolumen galera eta mutilazioak ditu, eta zutoinak pitzadurak. Zikinkeria ere badu", azaldu du alderdiak.

Eskaera mundubiraren 500. urteurrenaren harira egin du PPk: "Gogoan izan behar dugu Elkano gure lurraldeko eta Espainiako historiako gipuzkoar ospetsuenetakoa dela, Getariako ikur, eta herri horren izena mundu zabalera eraman duena". 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide