Genero indarkeriaren aurkako konpromiso kolektiboa sustatzeko eta indarkeria hori desagerrarazteko helburuarekin, kanpaina abiatu du Getariako Udalak, eta hainbat jarduera egingo dituzte datozen asteetan, iazko ildoari jarraituz. Orduan, Jone Alberdi zarauztarrak horma-irudi bat marraztu zuen herriko sarreran udalak eskatuta, eta bertan, mezu nagusi bat azpimarratu nahi izan zuten: genero indarkeriaren aurrean elkarrekin lan egitearen eta saretzearen garrantzia.
Aurten, bi ekintza egingo dituzte. Alde batetik, pegatinak banatuko dituzte herritarren artean, establezimenduetan, elkarteetan eta etxe-atarietan itsas ditzaten. Pegatina horiek genero indarkeriaren aurkako mezua zabalduko dute, eta Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren biktimentzat jarritako telefono zenbakia ere agertuko du; bertara deitzen dutenek laguntza emozionala, informazioa eta orientazioa jaso ahal izango dituzte. Egitasmo horrekin, egoera hori bizi duten biktimei babesa erakutsi nahi die udalak, laguntza eskatu edota salaketa jar dezaten.
Pegatinak Getariako Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.
Hausnarketarako bidea
Bestetik, Ixabel Agirresaroberen eskutik, Kontuk eta komerik narrazioa izango da ikusgai igandean, indarkeria matxista ikusarazteko eta desagerrarazteko bidea lantzeko.
Ikuskizunarekin hausnarketarako bidea ireki nahi du sortzaileak, eta emakumeen aurkako indarkeriaren gaia ikuspuntu desberdin batetik begiratzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak. Emanaldia Iturzaeta aretoan izango da, 19:00etan hasita. Aretoko edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurretik hartu beharko dira, horiek ere Getariako Turismo Bulegoan.
Getariako Udalak azaldu duenez, genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren 2020ko funtsarekin antolatu ditu bi ekintzak.