"Klima aldaketari aurre egiteko" plana martxan du Getariako Udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 2a

"Berotegi efektuko gasak %40 murriztu" nahi ditu 2030erako, baita "inpaktu nagusietara egokitzeko bidean aurrera egin" ere. Inkesta bat beteta eman dezakete iritzia getariarrek, ekainaren 17ra bitartean.

(Dorleta Agiriano Lai)

Getariako Udalbatzak iazko azaroko osoko bilkuran onartu zituen 2021erako aurrekontuak, eta, besteak beste, hainbat proiektu idaztera bideratutako partidak jaso zituen aurtengo plangintzan. Garatzeko proiektu horien artean zegoen "klima aldaketari aurre egiteko plana", eta 20.000 euro bideratu zituen udalak plan horren idazketara, datozen urteetan alor horretan egingo dituzten "esku-hartzeak zehazteko".

Udalak orain berretsi du plan hori martxan dela Getarian: Klima eta Energia Plana, hain zuzen. "Klimaren aldeko ekintzan" udalerriak "funtsezko eragileak" direla iritzita, udalak bi lan ardatz nagusi identifikatu ditu oraingoz: berotegi efektuko gasen emisioak murriztea eta klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea. "Norabide horretan" lanean ari dela dio udalak, eta bi lan lerro horiei dagokienez, zenbait helburu zehatzi helduko dietela plan berriaren bidez: "2030erako berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea" batetik, eta "aurreikusitako inpaktu nagusietara egokitzeko bidean aurrera egitea", bestetik.

Bigarren ardatzari lotutako urrats horien artean aipatu ditu, adibidez, "klima mehatxu nagusiei erantzuteko eta aurrea hartzeko neurriak". Zentzu horretan, "herriko azpiegituretan eta hiri ingurunean jasan daitezkeen inpaktuak murriztea" da asmoa, "Getariako herritarren osasunean eman daitezkeen inpaktuak ekiditeko". Lehen sektorean "dagoeneko jasaten ari diren inpaktuei aurre egiten laguntzeko" neurriak ere izan ditu gogoan udalak.

Laguntza Jaurlaritzatik

Planak, dena den, "sektore guztiei zuzendutako neurriak jasoko ditu", argitu dutenez. Udalean bertan ere jarriko dituzte martxan hainbat neurri, esaterako, "udal eraikinen eta argiteria publikoaren energia aurrezteko eta ekipamenduetan energia berriztagarriak areagotzeko neurriak". %35 gutxitu nahi dute udalaren energia kontsumoa, baita "energia berriztagarria sortzeko gaitasuna handitu" ere.

Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bat izango du Getariako Udalak Klima eta Energia Plana garatzeko. "Garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki erakundeei laguntzera zuzendutako" laguntza bat da udalak jasoko duena, zehazki, 13.223 eurokoa.

Galdetegia

"Klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko lanari ekitearekin" batera, online inkesta bat jarri du abian Getariako Udalak, "planaren bidez landuko diren gaiei buruz" bizilagunek duten iritzia ezagutzeko. Udalaren web orrian dago eskuragai galdetegia, eta ekainaren 17a izango da inkesta erantzuteko azkeneko eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide