Helduentzako kontakizun eta musika ikuskizuna estreinatuko dute Elkanori buruz, Getarian

Onintza Lete Arrieta 2021eko ekainaren 2a

Koldo Amestoi ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak sortu dute 'Elkano battela, xumea baina gurea' lana. Elkanok egindako ibilbideko kondairak eta herri-musika bildu dituzte ikuskizunean. Antolatzaileek azpimarratu dutenez "aniztasuna goresten du", eta helburuetako bat da "euskal itsas ondarea ezagutaraztea".

Juan Sebastian Elkanori buruzko ekitaldi berria prestatu dute Getarian larunbat honetarako, ekainaren 5erako. Elkano battela, xumea baina gurea helduentzako kontakizun musikatua da, eta Elkanoren herrian bertan estreinatuko dute, 19:00etan, Iturzaeta aretoan. Sarrerak doakoak dira, eta Turismo Bulegoan eskuragarri daude atzotik.

Lana Koldo Ameztoi ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak sortu dute, eta antolatzaileen esanetan,  lehen mundu-bira "inspirazio-iturri" hartuta, "aniztasuna goresten du lanak". Ameztoik egingo ditu narratzaile lanak, eta Alberdik eta Elgoibarrek abestuko dute, baita zuzenean musika jo ere. Alberdik biolina, biola eta instrumentu txikiak txandakatuko ditu, eta Elgoibarrek akordeoia, gitarra eta perkusioa.

Ameztoik azaldu du ikuskizuna "aniztasunaren gorespen bat" dela. "Elkanoren ibilbidean topatu ditudan, baina hark inoiz entzun ez zituen kontakizun eta kondairen inguruan egituratzen den narrazio bat biltzen du. Konfinatuta egon garen garaian, aukera izan dut istorio horien bila mundu guztian zehar bidaiatzeko", gaineratu du.

Alberdik, berriz, kontakizuna lotu eta girotzen duen partitura garatu du "toki askotako herri-musikaren kutsuekin, Elkano igaro zen lekuetako kulturen folkloreetan zehar bidaia onirikora eramanez ikuslea". Elgoibarrek azaldu du, azkenik,  musikak "betekizun bikoitza" daukala ikuskizunean: "Kontakizun bakoitzaren hasieran, ikusleak kultura haietara eramateko erabiliko dugu musika, eta gainerako momentuetan, berriz, bigarren planotik narrazioa aberasteko".

Itsasoari lotutako ondarea ezagutaraztea xede

Elkano Fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko lankidetza hitzarmenaren bidez sortu dute proiektu hau, eta helburua da "Elkano eta lehen zirkumnabigazioa ezagutaraztea, literaturaren eta musikaren bitartez; baita garai hartako euskal testuinguru soziala, ekonomikoa
eta kulturala ezagutaraztea ere, hau da, itsasoari lotutako ondarea, euskal itsasbazterreko herriek partekatzen dutena".

Lana Getarian estreinatu ondoren Iparraldean aurkeztuko dute. Elkano Fundazioak azaldu du, gainera, lanean ari dela ikuskizuna Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste herri batzuetara zabaltzeko, "bereziki lehen mundu-birarekin lotura duten haietara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide