Gure Txeruko helduek egin dute dantza emanaldia, eta orain umeen txanda izango da

Onintza Lete Arrieta 2021eko maiatzaren 31

Euskal Astearen barruan eskaini dute ikasturte amaierako saioa, eta asteburu honetan taldeko txikienak igoko dira oholtzara. Gonbidapenak aurrez hartu beharko dira. Bestalde, dantza taldean parte hartzeko matrikulazio epea laster irekiko da.

"Giro goxoa sortu zen dantzarien eta ikusleen artean, eta denok gustura gelditu ginen emanaldiarekin". Larunbat arratsean egin zuten Gure Txeru dantza taldeko helduek ikasturte amaierako saioa Iturzaeta aretoan, eta edukiera mugatua zuenez, dena bete zen. Oholtzan, berriz, hogei lagun inguru elkartu ziren.

Asteburu honetan, berriz, taldeko gaztetxoenek eskainiko dituzte dantza emanaldiak, eta horietan ere edukiera muga egongo denez, aurrez gonbidapenak hartu beharko dira bertaratu ahal izateko.

Matrikulazio epea zabaltzear

Bestalde, Gure Txeruko arduradunek gogorarazi dute gaur, maiatzak 31, hasiko dela Musika Eskolan izena emateko epea datorren ikasturterako, eta beraiena, dantza taldearena, ekainaren 7tik 11ra izango dela, hori ere Musika Eskolan.

Gaurtik ekainaren 4ra barne matrikulako epea zabalduko da; ekainaren 7tik 11ra, berriz, matrikula berriak egiteko epea, eta hor eman beharko dute izena dantza taldean aritu nahi dutenek ere.

Matrikula aurrez aurre egiteko, ostiraletan egongo dira arduradunak Musika Eskolan, 09:30etik 11:30era. Astelehenetik ostegunera, berriz, online egin ahalko da, 15:30etik 18:30era. Zalantzak argitzeko telefonoz, berriz, honakoa da: 943-14 03 37.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide