Dena prest dute Getarian Euskal Asteaz gozatzeko. Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere dantza eta musika izango dira protagonista nagusiak, baina aurtengoan bada berrikuntza nabarmen bat; izan ere, igandean Ekoizle Txiki eta Jasangarrien San Prudentzioko I. Azoka egingo dute herriko auzo horretan. Berez orain hilabete egitekoak ziren azoka, San Prudentzio jaietan hain zuzen, baina pandemiak derrigortuta atzeratu egin behar izan zuten, eta orain Euskal Astearen barruan ospatuko dute.
Hemezortzi ekoizlek hartuko dute parte bertan, eta Ekaitz Esteban zinegotzia eta auzoko bizilaguna pozik da kopuru horregatik ez ezik, baita egongo den "aniztasunagatik" ere. Izan ere, askotariko produktuak egongo dira bertan: ogigintzan, ardogintzan, gaztagintzan, arropagintzan, pitxigintzan eta barazkigintzan dabiltzan ekoizleak bertaratuko dira, besteak beste.
Gaur arratsaldean hasiko da Euskal Asteko egitaraua:
- Maiatzak 27, osteguna
Euskarazko film laburren emanaldia, 19:00etan hasita, Iturzaeta aretoan. Ikusi hemen filmeen zerrenda. Gonbidapenak Turismo Bulegoan daude eskuragarri.
- Maiatzak 29, larunbata
-09:00. Gazte Alaiak taldeko txistulariak ibiliko dira kalez kale.
-10:00. Musika Eskolako trikitilari eta pandero joleak kalez kale.
-19:00. Gure Txeru helduen dantza taldearen emanaldia. Iturzaeta aretoan. Gonbidapenak Gure Txerun eskuratu behar dira.
- Maiatzak 30, igandea
-10:00-14:00. Ekoizle Txiki eta Jasangarrien San Prudentzioko I. Azoka, San Prudentzio auzoan. Hiru proiektu ere aurkeztuko dituzte goizean zehar. 11:30ean Ametsola Etxalde Ekologikoak emango ditu azalpenak; 12:15ean Euskal Lupuluaz ariko dira hizketan; eta 13:00etan, berriz, Biba Ardoak zer den azalduko dute.
-19:00. Errimak bi oinetan ikuskizuna. "Dantza berriak bertsoei jarriak". Iturzaeta aretoan izango da, eta sarrerak bost eurotan daude salgai Turismo Bulegoan.