Emozio ugari izan da Amaia Lasaren poemen irakurraldi musikatuan

Iñigo Gaiton 2021eko maiatzaren 15a

Atzo, ostiralarekin, eman zitzaion bukaera Amaia Lasaren omenezko Kaiuaren Hegaldia ekimenari. Iturzaeta aretoan egindako omenaldian une bereziak izan ziren; tartean, Amaia Zubiriak hiru kantu abestu zituen.

Amaia Lasak herritarren igurtzia jaso du azken egunotan, bere omenez Getarian egin diren ekimenekin. Asteazkenean abiatu zuten Kaiuaren Hegaldia deituriko egitaraua, eta atzo eman zioten bukaera, irakurraldi musikatuarekin.

Arratsaldeko seiak eta erdietan hasi zen ekitaldia Iturzaeta aretoan, eta 60 herritar inguru juntatu ziren. Emozio uneak izan ziren ordubete inguru iraun zuen saioan. Lasak aitortu zuen “asko amesten” duen pertsona izanagatik, ez zuela inoiz espero izan herriarengandik halako omenaldia jasotzera iritsiko zenik.

Ekitaldia Kattalin Zubizarretak egindako dokumental laburrarekin hasi zuten. Gero, Danel Olanok bertsoa bota zuen, eta segidan, kantuak eta errezitaldiak uztartu zituzten kartelean iragarritako lagunek. Sorpresaren bat egon zitekeela ere azaldu zuten aurretik antolatzaileek, eta halaxe izan zen: Amaia Zubiriak hiru abesti kantatu zituen a capella, instrumentuen laguntzarik gabe. Adarra saria jaso du aurten Zubiriak, eta atzokoa izan zen saria jaso ostean egindako lehen agerraldia. Kantatzen amaitutakoan, besarkada estua eman zioten elkarri abeslariak eta poetak, Zubiriak eta Lasak, aretoan bizi izan zen giro goxoa gorpuztuz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide