Aitortza egin diote Amaia Lasa poeta getariarrari

Mireia Galarza Bastida 2021ko mai. 12a, 20:18

Haritz Alberdi Getariako alkateak "aitortu eta eskertu" egin nahi izan dio Lasari urte luzez egin duen lan guztia. Lasak, bere aldetik, "ohore" moduan sentitu du herriak bera poeta bezala hartzea, baina gaineratu du "guzti-guztiek" merezi dutela beren ohorea.

Aurten bete dira 50 urte Amaia Lasak eta bere anaiak Poema Bilduma liburua argitaratu zutenetik, eta horren harira, Getariako Udalak aitortza egin nahi izan dio Lasari. Hain zuzen, Manuel Fernandes getariako bizilagunak egindako margolan bat eman dio Lasari Haritz Alberdi Getariako alkateak bere lana eskertzeko. Horretaz gain, Gaztetape hondartzara jaisteko aldapan Lasaren 1984ko Olerkia poemaren plaka inauguratu dute.

Alberdik "aitortu eta eskertu" egin nahi izan dio Lasari urte luzez egin duen lan guztia. Bere hitzetan, Getariak baditu "pertsonaia garrantzitsuak", eta Lasa ere bertan kokatzeko modukoa da. Herriari, jakintzari edo bizitzari eskaintzen ari dena "handia" izan dela eta izaten jarraituko duela gaineratu du alkateak. Amaitzeko, Koldo Izagirre idazlearen hitz batzuk erabili ditu Lasa izendatzeko: "Ez da harritzekoa Amaia Lasak a-e-i-o-u berri bat asmatu nahi izana, bere lehen poema liburuak dioen bezala. Ezerk ez zion balio artean egindakotik, dena zeukan zerotik eraiki beharra. Zentzu horretan, Amaia Lasaren poesia fundazionala da, gerora garatu den emakumezkoen literatura baten aldarria (...) Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara." 

Lasak ere, bere aldetik, esker oneko hitzak zuzendu dizkie aitortzara gertutatu diren guztiei. "Ohore" moduan hartu du herriak bera poeta bezala hartzea, baina gaineratu du "guzti-guztiek" merezi dutela beren ohorea. Bere hitzetan, "denak dira gizartean beharrezkoak", lanbide konplexuenetatik hasi eta xumeenetaraino.

Haritz Alberdi Getariako alkateak, gainera, herritarrak animatu nahi izan ditu astean zehar antolatu dituzten gainontzeko ekimenetan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide