Getariako herri curriculuma sortu eta Iturzaeta Herri Eskolako curriculumean txertatzeko proiektua abian jarri dute Getariako Udalak, Zanbuka Guraso Elkarteak eta herri eskolak elkarlanean. Egitasmoaren aurkezpenean, udaleko Hezkuntza zinegotzi Nahia Iturbek nabarmendu nahi izan du azken urteetan aipatu hiru zutabeek lortu duten lankidetza maila, eta horri jarraituz, “orain beste urrats garrantzitsu bat” ematera doazela proiektu berriarekin. Hain zuzen ere, “herriarekiko gertutasunean hezi nahi ditugu gure ikasleak, eta gure asmoa litzateke herriaren ezagutza jakintza moduan barneratzea”.
Iturzaeta Herri Eskolako zuzendari Nagore Etxabek adierazi du eskolatik argi dutela, “zerbait maitatzeko ezagutu egin behar dela”. Ezagutza horien transmizioa orain artean familia bidez izan den arren, egungo errealitatea bestelakoa dela azpimarratu du, getariar jatorriko jende gehiago dagoela herrian zehaztuz. “Badira ikasleak eta gurasoak Getariako hitzak, leku izenak eta ohiturak ezagutzen. Familiek ezagutzen ez badituzte, haurrengana ez dira iristen. Kate hori eteten bada, ezagutza hori galtzeko arriskua dago”, sakondu du zuzendariak. Transmizio lan horretan, eskola “agente garrantzitsua” dela iritzi dio, eta prozesuarekin ilusioz daudela adierazi du, “polita eta aberasgarria” delako.
Hausnarketaren ideia
Maddalen Gereka herritar eta gurasoak, Iturzaetako zuzendariak aipatutakoaren ildotik, transmitizioaren galtzeari egin dio erreferentzia zuzena. “Pena litzateke, eta zenbait herritarroi kezka sortu zitzaigun, hainbat gurasoon artean. Hori ekidite aldera, irtenbideak aurkitzeko hausnarketak egiten hasi ginen, eta horrela jaio zen curriculum honen ideia”, gogora ekarri du Gerekak. Udalak ere bazuen curriculuma sortzeko interesa, eta guraso elkartearen eta Iturzaeta Herri Eskolaren arteko sinergia aprobetxatuz, abian jarri ziren, eta beste herri batzuetako ereduak ikusten ere aritu ziren.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko aditu baten beharra argi ikusi zutela azaldu du Mikel Muñoa guraso elkarteko ordezkariak, eta, orduan, udalaren eta guraso elkartearen artean hitzarmen bat egin dute. Hori horrela, aurten 6.000 euro bideratuko dituzte egitasmora, eta asmoa da urtero jarraikortasuna izatea. Hala, deialdi baten bidez, Gaizka Gorostiaga getariarra aukeratu zuten proiektuaren arduradun izateko. Sei hilabetez ariko da unitate didaktikoak “aberasten” Iturzaeta eskolan, datorren ikasturtean abian jartzeko.
Natur eta Gizarte zientziak
Apirilaz geroztik ari da lanean Gorostiaga, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako tutoreekin; “zaharrenengandik hasi eta txikienenganako” bidea egingo du. Proiektuko arduradunak aurreratu duenez, “Natur eta Gizarte zientzien arloan zentratu gara batez ere, eta bertako unitate didaktikoak aztertzen hasi gara. Bakoitzean zer lantzen den eta horietan Getariak, herri bezala edo getariarrak, zer ekarpen gehiago egin dezaken aztertuta edukiak aberasten joango gara. Gisa horretan, Iturtzaetako ikasleak Getariara gehiago hurbildu daitezen, eta Getariari buruz gehiago ikas dezaten”.
Orain lan akademikoa egingo du, eta irailean, ikasturte berriarekin, praktikan jarri nahi dituzte lantzen ari diren unitate didaktiko horiek.