Langile bat hil da Getarian istripu baten ondorioz

Amaia Urbieta Arruti 2021eko maiatzaren 6a

Indaux enpresan gertatu zen lan istripua aurreko asteburuan, eta gaur goizean hil da langilea. Elkarretaratzeak deitu dituzte biharko Getarian eta Aian.

Getariako Indaux enpresako langile bat hil da gaur aurreko asteburuan jazotako istripu baten ondorioz. ELA sindikatuak jakitera eman duenez, 22 dira aurten Euskal Herrian lan istripuren baten eraginez hil diren pertsonak, eta Gipuzkoako hirugarrena da Getariakoa.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazi diete, besteak beste, ELA eta LAB sindikatuek. Horrez gain, ELAk jakitera eman du 70 izan zirela 2020an lan-istripuetan zendutako langileak. "Egoeraren larritasuna ikusirik, urtero 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeria honekin amaitzeko garaia da. Borondate politikoa eta enpresarien behin betiko konpromisoa besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko", adierazi du sindikatuak plazaratutako oharrean.

LABek, bestalde, jakinarazi du "urtero istripu hilgarrien %20 inguru harrapaketengatik edo kolpe bidez" izaten direla, "baina hori ezaguna izan arren", enpresetan ez dituztela "neurriak hartzen horrelako istripuak berriro gerta ez daitezen". "Administrazio publikoek jarraitzen dute langileen segurtasuna eta osasuna serio hartu gabe. Enpresetan prebentzio legeak eta prebentzio neurriak betetzen direla jakiteko ez dute kontrolik egiten. Horren erakusgarri laneko istripuak eta heriotzak", gaineratu du LABek.

Protestak

Lan istripua salatzeko Indauxeko Enpresa Batzordeak elkarretaratzera deitu du biharko Getarian, 12:00etan pilotalekuan.

Zestoako Futbol Taldearen animoak

Zestoako Futbol Taldeak "animorik beroenak" helarazi nahi dizkio hildakoaren familiari eta gertuko guztiei. "Zestoako familiaren partetik, eskerrik asko gure artean izandako urteetan emandako guztiagatik. Ez zaitugu sekula ahaztuko. Beti jarraituko duzu gure ateak defendatzen. Laster arte. Goian bego", adierazi du futbol klubak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide