Hitzarmen bat erdietsi dute Getariako Udalak eta herriko hainbat kirol elkartek, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko gazteek zenbait kirol "gutxitu" proba ditzaten. Hain zuzen, arrauna, triatloia, surfa, esku pilota eta eskalada ezagutzeko aukera izango dute Getariako haurrek, maiatzaren 8tik ekainaren 19ra bitartean.
Larunbat honetan hasita, beraz, datozen asteetan larunbat goizero izango dira kirol jarduera bereziak Getarian. Asteburu bakoitzean kirol zehatz bat probatuko dute gazteek, adinaren arabera bereizita eta adinaren araberako ordutegiarekin. Nahi adina kirol jardueratan parte har dezake haur bakoitzak, baina izena eman behar dute aurrez. Fitxa bat banatu zaie jada, eta izen emateak egin ahala, kirol bakoitzerako taldeak osatuko ditu udalak.
Ekaitz Esteban Kirol zinegotziaren arabera, eskola kirolak futbolera, eskubaloira eta saskibaloira "bideratzen" ditu haurrak. Beste zenbait kiroli dagokienez, "gabezia handia" antzeman dute herrian; esaterako, arraunean. Datozen asteetako kirol jardueretan "jolas giroa" sustatuko dutela azaldu du: "Ez dugu inolako txapelketarik sustatu nahi. Helburua kirol berriak gozatuz eta elkarrekin ondo pasatuz ikastea eta ezagutzea da".