Uda sasoirako udaltzain kopurua handituko du aurten ere Getariako Udalak, eta hamabi udaltzain laguntzaile kontratatuko ditu lau hilabeterako, lanaldi osoz jarduteko. Beren egitekoa izango da zirkulazioa eta TAO aparkalekuak kontrolatzea eta erregulatzea, eta interesa dutenek Lanbideko esteka honetan eman behar dute izena.
Gutxi gorabeherako soldata gordina hilean 1.635,54 eurokoa izango da, eta lanaldiak 10:00etatik 20:00etara iraungo du, astelehenetik igandera. Astean bi atseden egun hartuko dira, txandaka.
Aldi baterako lanpostu horretan hautagai izateko ondorengo baldintzak bete behar dira: 18 urtetik gorakoa izatea eta derrigorrezko hezkuntza amaituta edukitzea; aurrekari penalik ez izatea (nahitaezko egiaztagiri dokumentala); eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasun fisiko edo psikikorik ez izatea (nahitaezko agiri bidezko egiaztapena); B-1 gidabaimena izatea; zerbitzuaren erabiltzaileak ulertzeko eta artatzeko behar adina euskara ezagutza edukitzea (ahozko proba egingo zaie titulaziorik ez dutenei).
Era berean, ondorengo ezaugarriak kontuan hartuko dituzte langileak hautatzerakoan: esperientzia lan mota honetan; ingelesaren eta frantsesaren ezagutzak; familia kargak izatea; langabetua izatea; eta Getaria bizitzea.