"Irailaren 6ak berdintasunetik munduaren aniztasuna aldarrikatu eta balioa emateko eguna izan behar luke"

Onintza Lete Arrieta 2021eko maiatzaren 4a

Eusko Jaurlaritzak gaur erabaki du 2022. urteko lan egutegian jaiegun izatea irailaren 6a, Elkanoren Eguna, eta Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidente Haritz Alberdik komunikatu labur bat helarazi du erabakiaren harira.

Eusko Jaurlaritzak gaur erabaki du 2022. urteko lan egutegian jaiegun izatea irailaren 6a, abenduaren 25a igandean egokituko denez. Egun horretan, irailaren 6an, 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano getariarrak munduari buelta eman eta Sanlucar de Barramedara itzuli zela.

Jaurlaritzaren erabakia gustura hartu dute Getariako Udalak eta Elkano Fundazioak, Haritz Alberdi alkateak eta fundazioko presidenteak komunikatu bidez adierazi berri duenez.

Hori bai, azpimarratu du egun horrek "berdintasunetik munduaren aniztasuna aldarrikatu eta horri balioa ematreko" izan beharko lukeela, "hori delako datozen belaunaldiei egin diezaiekegun ekarpenik handiena”. Gaineratu du "momentu egokia" izan daitekeela "munduari bestelako betaurrekoekin begiratzeko, mundubirari gure hitzak jartzeko, eta ohikoak egiten zaizkigun kontakizunetatik aldendu eta hamaika kolorez osatuta dagoen mundua balorean eta balioan jartzeko".

Alberdik esan du bai udalak, bai fundazioak, "aukeratzat" hartu dutela egun horren izendapena. "Egun horretan 500 urte beteko dira XVI. mendeko gertaerarik garrantzitsuenetariko bat gauzatu zela, eta erabaki honek aukera ematen digu datorren urtean Getariako Lehorreratzea duela 100 urte lehen aldiz Getarian antolatu izan zen egun berean egiteko. Horretarako lanketan arituko gara datozen hilabeteetan, Fundazioa, Getariako Udala zein herritarrak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide