Bake epailea eta haren ordezkoa hautatzeko prozesua jarri du martxan Getariako Udalak. Apirilaren 21eko GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia, eta hurrengo egunetik hasita, hogei egun naturaleko epea izango dute hautagiek beren eskaerak aurkezteko.
Ez da inolako titulazio berezirik eskatzen bake epaile izateko, eta bateragarria da jarduera profesional edo merkataritzakoekin, betiere, bere independentzia ekidin edo murrizten ez badute eta ez badute galarazten bere betebehar judizialak betetzea.
Kargua lau urterako da, bai epaile titularrarena, bai ordezkoarena, eta legez ezarritako sistema eta diru kopuruekin ordainduko zaie.
Bateraezintasunak eta betebeharrak
Bake epaile izateko hautagaiek, ordea, ezingo dute alderdi politiko edo sindikatuetako kideak izan edo horien konturako lanik egin, ezta herri hauteskunde edo legislatiboetan parte hartu ere, ez Botere Judizialeko kide gisa, ez izaera judizialik ez duten bilera publikoetan parte hartu.
Bestalde, honako betebeharrak eskatzen dira: batetik, adinez nagusi izan behar da, eta eskatutako naziokotasuna eta erroldatzea egiaztatu behar dira; bestetik, beharrezkoa da eginkizun judizialerako ezgaitu ez izatea, ez fisikoki, ez psikikoki ere; eskubide zibil guztien jabe izatea ere nahitaezkoa da; baita maltzurkeriazko delituengatik auzipetu edo errudun ez izatea ere.
Eskaerak udaletxeko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira, eta instantziak aurkezteko epea bukatuko den egunean adierazi beharko du izangaiak eskatutako baldintzak betetzen dituela, eta egiaztagirien bidez frogatu. Memoria txiki bat ere erantsi beharko dute hautagaiek, azalduz zergatik diren egokiak bake epaile lanerako. Aukeraketa egiterakoan, udaleko osoko bilkurak kontuan edukiko du hautagaiak Getariako errealitateaz duen ezagutza.