Alaïaren eta Balentziagaren arteko "moda elkarrizketa", Balenciaga Museoan

Aritz Mutiozabal 2021eko apirilaren 30a

Gaur goizean aurkeztu dute Balenciaga Museoaren hamargarren urteurrenaren harira antolatutako erakusketa. Azzedine Alaïa Fundazioarekin lankidetzan, bi jostunen ehun diseinu paratu dituzte, eta datorren azaroaren 1era arte izango da ikusgai.

Modako bi sortzaile handiren arteko "elkarrizketa" izateko asmoz antolatu dute Alaia eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketa, gaur goizean Getariako Balenciaga Museoan aurkeztu dutena. Egitasmoa museoaren hamargarren urteurrenaren harira atondu dute, eta ekitaldian izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Balenciaga Fundazioaren presidente Harkaitz Millan, erakusketaren komisario Olivier Saillard eta museoaren zuzendari Miren Vives.

Azzedine Alaïa tunisiarra eta Cristobal Balentziaga getariarra. Maisua eta ikasle aurreratua parrez pare jartzen duen proposamena da honakoa. Biekin harremana izan zuen Hubert de Givenchy zenaren ideia aurrera eraman nahi izan dute, eta Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren eta Balenciaga Museoaren arteko lankidetzari esker, posible egin izan dute. Orotara, bi jostunen ehun lan jarri dituzte erakusgai, Alaïa Fundazioaren bildumetatik lagatakoak guztiak: eguneroko jantziak, berokiak eta kapeluak, eta baita gaueko soineko dotore beltz distiratuak ere. Osagarri gisa, Parisko Balenciaga Artxiboen dokumentazioa–ziriborroak, argazkiak eta filmak– eta Alaïari buruzko pare bat ikus-entzunezko ere paratu dituzte.

Ondarea eta nazioartera irekita

Bingen Zupiriaren esanetan, erakusketa berri honekin pauso handi bat da nazioarte mailan, modako erakunde garrantzitsu batekin batera elkarlanean egin ahal izan delako. Alde horretatik, Balenciaga Museoko lantaldearen esfortzua nabarmendu du, azpimarra berezia eginez pandemia garaian "egin ahal izan" dela. "Une zailak bizi izan zituzten bi diseinatzaile izan ziren. Egungo pandemia baino gogorragoko egoerei aurre egin behar izan zieten. Edonola ere, denboraz haraindi kontserbatu den ondarea utzi digute. Aitzindariak izan ziren", adierazi du sailburuak. Bere ustez, erakusketa honek jauzi kualitatibo bat suposatuko du nazioartera begira.

Museoaren zuzendari Miren Vivesek eta Kultura diputatua eta Balenciaga Fundazioaren presidente Harkaitz Millanek "ondare" hitza nabarmendu dute beraien hitz hartzeetan. Moda "ondare historiko-artistiko" gisa jo behar dela azpimarratu dute, batik bat Millanek: "Adierazpide bat delako diseinatzailearentzat, baita diseinu horiek janzten dituen jendearentzat ere".  Etorkizunera begira, bi erronka dituztela nabarmendu zuen, gainera: bata, Balentziagari buruzko ezagutza sakontzea, "oraindik ezezaguna delako jende askorentzat, eta bigarrena, Balenciaga Fundazioaren eta Gipuzkoaren  arteko elkarlana sendotzea.

Erakusketaren komisario Olivier Saillard ingelesez mintzatu da, eta bi sortzaileen lanak batzeko ideiaren eta ondorengo lanaren nondik norakoen berri eman du. Kontatu du nola Givenchyren heriotzaren ondotik, Alaïa Fundazioari proposatu zion haren asmoa eta Getariako museoaren berri eman zion. Balenciaga Museo ez zuen aurretik ezagutzen, eta behin ezagututa, "munduko moda museorik handienetakoa" dela kontsideratzen du. Bi jostunei dagokionez, antzekotasun asko zituztela azaldu du Saillardek: "Amets txikiak zituzten, eta pertsonak bezala sortzen zuten".

Erakusketak gaur ireki ditu ateak, eta datorren azaroaren 1 bitartean izango da ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide