Elkano 500 Fundazioak egitarau berezia antolatu du urte honetarako. Atzo aurkeztu zuten Donostiako San Telmo Museoan, eta bertan izan ziren Haritz Alberdi fundazioko presidente eta Getariako alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioko zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua.
Aurkezpenean, egitarauaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta antolatu dituzten ekimenekin lortu nahi dituzten helburuak zehaztu. Hala, «Euskadiko herrien itsas ondarea aldarrikatzeaz» gain, harremanak sendotu nahi ditu aurten fundazioak lehen mundu birarekin zerikusia izan zuten beste herrialde batzuekin. Horrez gain, ezagutza lerro berriak sortu nahi ditu «gizakiaren historia aldatu zuen bidaiaren inguruan».
Horretarako, egitasmoak bi multzotan banatu dituzte: batzuk, dibulgazioa izango dute helburu; eta beste batzuk, arlo akademikoa.
Ekimen sorta
Elkano Fundazioari garrantzitsua iruditzen zaio lehen mundu biraren berri haur, gazte zein helduen artean zabaltzea. Horregatik, adin tarte desberdinei zuzendutako ekimenak sortu dituzte.
Alde batetik, Postalak Mundu Biran izeneko ekimena jarriko dute martxan Elkano 500 Fundazioak eta Txileko Kultur Ondarearen Zerbitzu Nazionalak. Hala, Txileko eta Euskal Herriko 8 eta 12 urte bitarteko ikasleek itsasoa ardatz duten postalak trukatuko dituzte, gaztetxoen artean itsasoaren inguruan duten ikuspegia partekatzeko. Egitasmoarekin helarazi nahi dute lehen mundu birak lotu zituen lurraldeen «kultur aniztasuna».
Bestetik, Mundu Biraren Ubera zikloak Getariatik Euskal Herriko beste zenbait herritara zabalduko da, eta horren barruan hainbat emanaldi antolatuko dituzte. Besteak beste, Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna eta Iparraldeko Euskal Kultura Institutuaren laguntzarekin sortutako kontakizun eta musika ikuskizuna.
Azken hori Koldo Ameztoi ipuin kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak sortu dute. Gainera, Elkanok egindako lehen mundu bira oinarri duten pastoral bat eta gazteentzako eleberri bat sortzeko asmoa ere badu fundazioak.
Horrez gain, arlo akademikoan ere eragin nahi du Elkano 500 Fundazioak eta gaiaren inguruko hainbat mintegitan parte gartuko du lehen mundu biraren garrantzia ezagutarazteko asmoz. Gainera, udako ikastaro bat ere antolatu du irailaren 6 eta 7rako.
Lehorreratze eguneratua
2022an ehun urte beteko ditu Getarian lau urtetik behin antzezten den Elkanoren Lehorreratzeak, eta Haritz Alberdi Getariako alkateak azaldu zuen «ekitaldia eguneratzeko» lanean ari direla herrian. «Gure garaira ekarri nahi dugu, batetik, gure gizartearekin bat datozen kultur aniztasuna eta errespetua islatzeko; eta, bestetik, gertakari horiei buruz ezagutzen dugun informazio berria gehitzeko kontakizunari», adierazi zuen.
EGITARAUA
Dibulgazioa
- Postalak Mundu Biran proiektua. Gipuzkoako eta Txileko ikasleek 500 postal trukatuko dituzte. Ekimenaren helburua da gaztetxoek itsasoarekiko duten ikuspegia eta lotura partekatzea.
- Euskal Herri barneko mundu bira egitasmoa. Bizikletaz egiteko moduko ibilbideak lotuko ditu lehen mundu birarekin zerikusia duten Euskal Herriko kostaldeko eta barrualdeko herriak.
- Mundu Biraren Ubera hitzaldi eta emanaldi zikloa. Honako saioak eskainiko dira: Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna, eta Iparraldeko Euskal Kultura Institutuaren laguntzarekin, kontakizun eta musika ikuskizuna, adinez nagusientzako.
- Mas alla del mito y la epopeya: el Pais Vasco y la expedicioon Magallanes-Elkano en el contexto de la primera globalizacion (Mitotik eta epopeiatik harago: Euskal Herria eta Magallanes-Elkano espedizioa, lehen globalizazioaren testuinguruan) liburuaren argitalpena. Arlo akademikoa eta dibulgazioa uztartuko ditu.
Esparru akademikoa
- Un viaje por la Euskal Herria de Juan Sebastian Elkano (Bidaia Juan Sebastian Elkanoaren Euskal Herritik) ikastaroa. Irailaren 6an eta 7an izango da.
- Juan Sebastian Elkano, maisua eta gizona sinposioan parte hartuko du Elkano Fundazioak, Amerikanisten Espainiako Elkarteak Santiago de Compostelan egingo duen Nazioarteko XIX. Biltzarrean. Ekainaren 14tik 16ra izango da.
- Nazioarteko biltzarra lehen mundu biraren inguruan arlo akademikoan egingo diren ekarp-enak jasotzeko.
Lehorreratzea
Elkanoren Lehorreratzea garai berrietara egokitzeko eta horren inguruko dibulgazio jarduerak antolatzeko lanean ari dira eragileak eta herritarrak.