Aste honetan egindako PCR eta antigeno probetan 21 kasu positibo baieztatu dituzte Getarian; hain zuzen, hiru ostegunean, bederatzi asteazkenean, sei asteartean eta hiru astelehenean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenean jakinaraziko du zenbat kasu berri hauteman dituzten herrian atzoko, gaurko eta biharko probetan; baina, gaur-gaurkoz, Getarian 1.000tik gorakoa da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa metatua: azkeneko datuak kontuan hartuta, atzo 1.342koa zen tasa.
Eusko Jaurlaritzak datorren astea hasi bezain pronto eguneratuko du eremu gorrian dauden udalerrien zerrenda, eta baliteke 5.000 biztanletik beherako herrietan ere itxiera perimetrala ezartzea. Une honetan, ordea, ez dago neurri murriztaile gehigarririk 400dik gorako intzidentzia tasa duten baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan.
Hala ere, egoera epidemiologikoa ikusita, herrian neurri bereziak hartzea erabaki du Getariako Udalak. Udal azpiegituren erabilerari lotutako neurriak dira gehienbat; besteak beste, prebentziorako neurri osagarriak ezartzea udal kiroldegian, sarrerak eta irteerak mugatzea udaletxeko bulegoan, epaitegiko sarbidea aldatzea (atzeko atetik sartu beharko da), nahiz udal liburutegian aforoari lotutako arauak "zorrotz betetzea" eskatzea. Bestalde, "beharrezko zuzenketak bideratu" dituzte herriko ostalaritza sektorera.
Udal gobernuak "osasun agintarien jarraibideak" betetzea eskatu die getariarrei, eta "elkarlanean aritzeko" deia ere luzatu du. Getariako EAJk ostegunean eskatu zion udal gobernuari COVID-19aren aurkako "neurri bereziak hartzea".